Greziako Justizia ministro Nikos Paraskevopulosek jakinarazi du C motako kartzelak ixteko prestatu dutela lege proiektu berria. Hainbat neurri hartuko dituzte segurtasun handieneko espetxeak kentzeaz gain, 15 eta 18 urte arteko adingabeak ez espetxeratzea (bizitzarik arriskuan jarri duen deliturik egin ezean) eta gaixotasun larriekin dauden presoak askatzea.
C motako kartzelen itxiera Greziako lehen ministro Alexis Tsiprasek agindu zuen hauteskunde kanpainan. Samaras lehen ministro ohiaren gobernuak jarri zuen segurtasun handieneko egoera hori martxan Diagonalek jaso duenez. “Terroristentzat diseinatutako” egoera da hau.
C motako espetxearen ezaugarrien artean daude baldintzapeko askatasuna debekatzea 20 urte espetxean daramaten presoei, lanerako eta kalera irteteko baimenak ezabatzea eta bisita eta deien murrizketa.
Erregimen horrekin espetxe bakarra dago Grezian eta bertako presoak gose greban daude martxoaren 8az geroztik C motako espetxeen itxiera eta lege antiterrorista ezabatzeko eskatzeko. Kartzela horretako zuzendaria otsailean tiroz hil zuten bi pertsonak. Inork ez du bere gain hartu erasoa.
Martxoaren 8an, anarkista talde batek Syrizaren Atenaseko egoitza okupatu zuen C motako espetxeen itxiera eskatzeko.