Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ekimenez, “Basque Segurtasun Foroa” ari dira egiten eskualdez eskualde. Guztira, agintari politikoek eta “gizarteko beste 30 ordezkarik” hartuko dute parte. Besteak beste, asteon kaleratu diren delituen datuak aztertuko dituzte.
Irailean esan zuen EiTBren inkesta batek: herritarrei gero eta gehiago kezkatzen die segurtasunak. Datuen arabera, Bilbon, ia bi hiritarretik batek esaten du segurtasuna dela bere kezkarik nagusiena. Donostian, lautik batek. Gasteizen, bostetik batek. Eta Iruñean, hamarretik batek baino gutxiagok. Etxebizitzaren eta osasunaren atzetik, “hiri segurtasuna” da herritarrak gehien kezkatzen dituena. Hirukote hori finkoa bilakatu da Imanol Pradalesen legegintzaldian.
Ziurtasunez errealtzat hartzen diren kezka horiei erantzutera datoz alderdien jardun politikoak. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan, 850 milioi euro bideratuko dira Segurtasun Sailera, aurreko urtean baino %6,4 gehiago. Besteak beste, Ertzaintzaren ibilgailu parkea eta materiala berrituko dela aurreratu dute. Udalerri mailan, osasuna ez denez inbertsio-lerro izaten, Bilboko Udalak fokua hirukoteko beste bietan ipini du, etxebizitzan eta segurtasunean. Aurrekontuak bere osotasunean %4,5 igo ditu, “herritarren beharrizan eta eskaerekin koherenteak” izateko. Poliziari lotuta, hitzeman du udaltzaingo taldea 900 langile izatera helduko dela laster, eta Santutxun komisaria berria zabalduko duela. Donostiako alkate berri Jon Insaustiren azken adierazpenak ere ildo horretan doaz.
Estreinako aldiz, Imanol Pradalesen gobernuaren ekimenez, “segurtasun gabeziaren” ideiari tokian toki ari zaio erantzuten Jaurlaritza, “topaketa parte hartzaileak” eskualdez eskualde egiten. “Basque Segurtasun Foroa” deitu diete. Hainbat eskualde pasa ondotik, Bilbon egingo dute asteazken honetan. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hartuko dute parte, besteak beste.
Datu batzuk, terrenoa prestatzeko
Testuinguru horretan, foro hori baino bi egun lehenago publikatu ditu Ertzaintzak urte honetako lehen bederatzi hilabeteetako delituen estatistikak. Gaueko Teleberri albistegiak honela titulatu du: “Igo egin dira delituak Euskadin”. Delitu-mota guztiak igo dira. Guztira, 80.111 salaketa erregistratu ditu Ertzaintzak, eta horien %67 dira indarkeriazko lapurretak. Sexu-erasoak ere areagotu dira, iaz epe berean baino %3 gehiago. Bizkaian, delitu kopuruak %1 egin du behera iaztik hona, Gipuzkoan %1 gora, eta Araban %12 hazi da.
Hamar delitugiletik bederatzi gizonezkoak dira, Ertzaintzaren datuen arabera, eta erdiak baino zertxobait gehiagok dute Espainiako herritartasuna. Hogei urte atzera egin eta Ertzaintzak delitugileen nortasunaren berri ematea erabaki du orain; hala segituko du aurrerantzean, PPk eta Voxek eskatu bezala.
Komunikabideetan ere bide beretik ari da marrazten markoa. Vocentoko hedabideek delituei egiten dieten trataera aztertu zuen Zigor Olabarria ARGIAko kazetariak, eta Jaurlaritza eta EAJ ari dira azpimarratzen “segurtasunarekiko konpromisoa” dutela. Aste honetan, Espainiako Estatuan irakurle andana dituen La Vanguardia egunkariak artikulua eskaini zion gaiari. Titularra: Segurtasunak deserosotasuna sortzen du, eta EAJ mugitzen ari da. EAJren legebiltzarreko eledun Joseba Díez Antxustegiren hitzak zekartzan artikuluak: “Arazo larria daukagu delituak behin eta berriz egiten dituztenekin, eta konpondu egin behar dugu”. Marko orokorrago baten pean aztertu zuen auzia kazeta horretako kazetari Ander Goyoagak. Segurtasunaren gaian, EAJk eta Junts-ek sintonia dutela dio, biak ala biak presio egiten ari zaizkiolako PSOEren Espainiako Gobernuari. EAJ baino urrunago joana da Junts: eskuin muturreko Aliança Catalana alderdiaren beldurrez, PSOEri eskatu dio, besteak beste, epaiketa azkarrak egiteko sistema bat martxan jartzea. La Vanguardia-ko kazetariak artikulua borobiltzen zuen esanez jeltzaleak eroso daudela espazio horretan, “arazoaren esajerazioaren eta ukapenaren artean”.