Segoviako ihesean hil zuten Oriol Soléri buruzko dokumentala aurki ikusgai


2014ko apirilaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

1976ko apirilaren 5ean 29 presok Segoviako kartzelatik ihes egin zuten. Horietatik 25 ETA politiko militarreko aktibistak ziren, eta gainontzekoak Movimiento Iberico de Liberacion (MIL) talde anarkistako kideak eta Frente Revolucionario Antifascista y Patrioticoko (FRAP) militanteak.

Tunel bat eginaz 29ek kartzelatik ihes egin bazuten ere, lauk bakarrik lortu zuten iparraldera iristea.

Gainontzekoak poliziak harrapatu zituen, eta horietako bat Guardia zibilak hil zuen: Oriol Solé Surganyes MIL taldeko anarkista kataluniarra.

Segoviako ihesa gertatu zenetik 38 urte pasa direnean  Oriol Soléren iloba Gemma Serrahimak dokumentala osatu du Joan Rossell bideogilearekin batera: The Segovia Big Band, protagonistekin elkarrizketak du izena.

Horretarako, Oriol Solérekin batera Segoviako ihesean parte hartu zuten zenbait pertsona elkarrizketatu ditu, ETA politiko militarreko kide ohiak denak. Gaiak egungo testuingurua eta talde armatuaren hastapenak aztertzeko aitzakia eskaini dio.

Larunbatean erakutsiko dute lehenengoz grabazioa Euskal Herrian. Auritzen (Nafarroan) elkartuko dira protagonistak, dokumentalaren egileak eta familikoak, Solé erail zuten tokian.

 

 

Nondik dator ideia, eta nola hartu du dokumental itxura jatorrizko ideia horrek?

Serrahima: “Gatazka Armatuen Komunikazioa eta Gizarte Mugimenduak” gaiari buruzko masterra amaitu berri nuen unibertsitatean, langabezian nengoen, eta gainera aspalditik interesatzen zitzaidan Oriolen historia.

Bestalde, ETAk armak utzi zituen  garaiaz ari gara hizketan. Iruditu zitzaidan horrelako elkarrizketak egiteko momentu ona zela eta gaia enfokatzeko aukera berri bat ematen zuela.

Rossell: Gemmak ideia proposatu zidanean oraindik ez genekien zein formatu edukiko zuen, ezinezkoa zelako asmatzea elkarrizketatuek nola erreakzionatuko zuten eta zer edukiko genuen esku artean.

Galdera mordoa generaman prest: Ihesari buruzkoak, ETAn sartzeko arrazoien ingurukoak…  Ahal genuen informazio guztia bildu genuen, eta ondoren edizio lan gogorra iritsi zen.

Elkarrizketak egin ahala jatorrizko ideiak jasan zuen aldaketarik edo bere horretan mantendu duzue?

Serrahima: Lan egiteko modua adibidez mantendu egin da. Oso argi genuen ez genuela makro dokumentalik egin nahi, lan guztia bikotean egin dugu.

Rossell: Baina gidoiak aldaketak izan ditu. Hasieran pisu handiena ihesak bazuen ere, edizioa aurrera joan ahala zati anekdotiko asko kendu egin genituen. Horretarako badago pelikula! [Imanol Uriberen Segoviako Ihesa filmaz ari da]

Zer garrantzia zuen 70. hamarkadan kartzelatik ihes egiteak eta ez amnistia bidez edo kondena beteta ateratzeak?

Serrahima: Oriolek beste kartzela batzuetatik ere egin zuen ihes lehenago. Protagonistek kontatu digutenez “preso orok du ihes egiteko betebeharra”, eta Oriolek ere hala egin zuen. Borroka antifrankistaren parte zen ihesa ere.

Bestalde, ihesaldi batek kanpoko mugimenduei indar handia emango ziela pentsatzen zuten, eta nazioartean ikusarazi nahi zuten Espainiako Estatuan preso asko zegoela.

Rossell: Bazekiten amnistia laster iritsiko zela, baina ihesa prozesua azeleratzeko bide bat izan zitekeela pentsatzen zuten

 

Oriol Solé jendarme bati esku-burdinaz lotuta

Nolakoa izan zen protagonistekin lehen kontaktua? Zein harrera izan zuen dokumentala grabatzeko proposamenak?

Serrahima: Lehen hartu-emana Mirenekin izan nuen. Segoviako ihesean kanpo-komandoko kontaktua izan zen bera. Telefonoz hitz egin genuen, eta hasieran nahiko lehorra iruditu zitzaidan.

Gero Donostiara joan nintzen. Beldurrez nindoan, ez nekien zein punturaino nintzen “norbait” horrelako gauzak galdetzen aritzeko. Ez nekien nirekin hitz egin nahiko zuten ere.

Taberna batean elkartu nintzen Mirenekin, hamar minutuko kontua izango zela uste nuen, baina hiru orduz aritu ginen hizketan! Askotan galdetzen zidan ea zein norabide hartu nahi nuen lanarekin.

Koldo eta Mikelekin gelditu nintzen ondoren. Biak ETA (pm)ko militante izandakoak eta Oriolekin kartzelatik ihes egin zutenetako batzuk. Eibarren elkartu ginen, eta haiekin ere luze aritu nintzen hizketan.

Gainontzeko kontaktuak Miren Mikel eta Koldoren bidez lortu genituen, eta berriro ere Euskal Herrira joan ginen, orduan  Joan eta biok, eta jada grabatzera. Hamalau pertsona elkarrizketatu genituen azkenean!

Rossell: Oso atsegina eta erraza izan zen. Lana bereziki erraztu zigun irudi, soinu eta elkarrizketarako bi pertsona baino ez izateak. Klima intimo hori da gure dokumentalaren gakoa.

Zer paper jokatu du guzti horretan Soléren iloba izateak?

Serrahima: Lehen kontakturako eta elkarrizketatuak hitz egitera animatzeko garrantzitsua izan da, baina garrantzia istorioak berak dauka, ez Oriol nire osaba izateak.

Katalunian egin zenuten estreinaldia, nolako harrera izan du?

Serrahima: Harritu egin gaitu eduki duen harrera onak, orokorrean asko gustatu zaio jendeari. Euskal Herritik kanpo jendeak ez du gaiaren inguruko jakintza handiegirik, ez du ia informaziorik.

Rossell: Dokumental osoan mantentzen den ikuspuntua ETAko militante izandako pertsonena da, eta hori Katalunian behintzat zerbait berria da. Ona, positiboa eta kuriosoa dela esan digute ikusi dutenek.

Serrahima: Baina noski, Euskal Herrian ez dugu oraindik paserik egin, ikusiko da han zer iritzi duzuen.

Aldatu da osabaz eta ihesaz zenuten pertzepzioa dokumentala egin ostean?

Serrahima: Ez dakit… Pozik nago kartzelan Oriol ezagutu zuen jendearekin egon naizelako. Ezagutzen ez nituen anekdotak kontatu dizkidate eta bere azken orduetan osabaren ondoan egon zen jendearekin egon naiz. Zentzu horretan Oriolengana gehiago hurbildu naizela uste dut.

Baina batez ere familiarenganako hurbilketa eskertzen dut. Gai hauek askotan tabu izaten dira, denbora asko pasa delako, eragiten duten minagatik eta delikatuak direlako. Proiektu honek ahalbidetu dit nire osaba izebekin Orioli buruz modu irekiagoan hitz egitea

Rossell: 70eko eta 80eko hamarkadez nuen ikuspuntua asko aldatu da. Nolabait ulertu dut zergatik erabaki zuen jendeak ETAn sartzea, nolakoa izan zen erakundea hasieran eta zer bihurtu zen gero.  

Zein puntutan dago orain proiektua?

Rossell: Zabalpenarekin gabiltza. Zenbait festibaletan aurkeztuko dugu eta ahalik eta leku gehienetara iritsarazi nahi dugu. Euskal Herrira doakizue orain.

Serrahima: Katalanez eta gaztelaniaz dago grabatuta, baina ingelesezko azpitituluak ere jarri dizkiogu.

Euskarazkoak jartzea bakarrik falta zaizue orduan!

S, R:  Bai bai, hori da! Kar kar kar …


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frankismoa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude