argia.eus
INPRIMATU
Kronika
Segitzen dugu oraino
  • Larunbat eguerdian arribatu da festibalera Baionako bestazale laguna. Alimalekoa egin nahi du Arberatze-Zilhekoan, duen egun eta erdian, igande arratsaldez buelta eginen baitu. Festibala Lekornen egiten zenean bezainbat gogo du 29. edizio honendako. Eta argi du zein den lehen urratsa: ondoko oihal etxe artera joan, bizilagunak agurtzera.

    [Kronikaz gain, ikusi hemen Dani Blancoren argazki-galeria]

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko uztailaren 01
Duguna dantza taldekoak igande goizean. Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Baionako EHZ-zaleak, jarreraz bai baina adinez dagoeneko ez hain gazteak –zeren Lekorneko edizioak 2013tik 2017ra egin ziren–, galdetu du lehen-lehenik ea zer moduz ostiraleko giroa. Ea inbidiarik ukan behar duen. Baina, egia erran, ostiralez kosta zitzaion jendeari giroan sartzea. Eta lagunak zer edo zer usaintzen zuen; afixa ikusita halakorik espero zuela aitortu du.

Zetkin talde lapurtarra beti da ongietorria, baina plaza zaila da ostiralez 20:00etan jotzea, jendearen gehiengo zabala ez baita gai Arberatzera heltzeko; edo bai, iristen da, baina norbere muntaketa eta egokitzapen lanek astia eskatzen dute. Eta geroago, Zetkinen ostean, zertxobait-zertxobait plaza lehertu-edo zezakeena, uneak eta mailak eskatzen duen tamainan betiere, Bengo musikari gipuzkoarra; 21:45ean, pentzeko oholtza txikian. Ez zuen, ordea, deus berezirik eskaini momentuak eskatzen zuenerako. Tira, hozkailutxoko lehen garagardo hotzek maitale ezin fidelagoak dituzte horrelako bidaia eta muntaketa orduen ostean, eta zer esanik behingoagatik lokatza, edota lur bustia, bero sapa eta lur idorragatik aldatzen bada.

“Eta Ahuen, zer moduz?”, baionar bestazale lagunaren galdera. Ba, bere estiloan: Odei Barrosok eta bere bandak harrapatu egiten du bat; oholtza gainean mugitzeko eta plantatzeko duen jarrera ikustekoa da. Horixe erantzun, eta “ez zen dudarik”, baionarrak. Ez, ez zen dudarik. “Segitzen dugu oraino”, Odeik dioen bezala, segitzen dugu oraino lurra zaintzen, lurraren erritmora mugitzen, gureak defendatzen, bestelako Euskal Herri bat sortzen, EHZren pareko espazio eta elkarguneak sortzen, eta, EAEko irrati telebista publikoak ostiral gaueko albistegian EHZ “makrofestibal” gisa bataiatu bazuen ere, halako jaialdi ustez-kultural-gehiago-turistiko horien aurka egiten; alegia, alternatibak posible direla bistaratzen. BBK Live-ri sua. Gero, Bad Gyal ipintzen dute aurtengo afixan eta lehen munduko jende garenon arazo sakon bihurtzen da, joan ala ez joan, bai baina eta horiek denak. Arazo modernoak.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Ba hori. Odei oso guay eta, beste behin ere lagun baionar bestazaleak esan bezala, kasu Maskak taldearekin, “lodituta datoz”. Ez fisikoki lodituta; edo agian bai, baina ez zen ari horri buruz. Azken urtebetean jauzia eman dutela entzuna da han-hemen. Hala irudi zen Herri Urratsen. Eta, egia erran, pop-a, rocka eta elektronika nahasten dituen talde interesgarria da. Gehiago ala gutxiago gustatu, Itsasukoek badute indarra.

Sintonizatu FMa
Kanpaleku osoan irratia zegoen entzungai baionar bestazale laguna festibalera arribatu denean. Gaur, Fermin Muguruzaz gain, pentzean ariko da Naxker... Hala, kantuak bata bestearen atzetik entzun ditugu kanpalekuan, bozgorailuetatik, irrati formula klasikoa bailitzan. Baina Mexikortxo taldeko zoroak kanpalekura sartu ez dira, bada, eta oraindik lokartuta zeudenak esnatu, haien erritmo rantxero dantzagarriekin. Kapela mexikar tipikoa buruan ipinita, laborantza ikasten ari den mauletar gazte batek ondo pastu du, bai.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Egun berezia larunbata, ekainaren 28a, LGBTI+ Harrotasun Eguna. Altxalilikoek ordubeteko emanaldi jendetsua eskaini dute bandera zintzilikatu dioten elizan, eta geroxeago, plazan, Ithaka taldeak ere egin dio erreferentzia egunari, bandera handia ipini eta aldarrikapen hitz batzuk eginda. Gazteek egurra eman diote itzala ondo kotizatuta zegoen plazari; taldekoak eguzkia parez pare, 30 gradutik gora erraz, eta jendea dantzan lehen ilaretan. Pena, kontzertuak Naxkerrekin kointziditzen zuela.

Baina tempoak jaitsi, eguzkiarekin parez pare ipini, eta bestelako ahots ikaragarri on batekin gozatu: Olaia Inziarte. Maila eman du taldearekin, eta sorpresarik inoiz ez txarrerako. Eta jendea sufritzen ari zela eguzkiarekin, ze ez du bakerik eman egun osoan; baina horrelako eguzkirik ezean, halako ilunabarrik ez genukeen ikusiko. Zer izan zen larunbatekoa; eta zeinen lona ederra, gardena, oholtza nagusiaren atzean. Eta hori, Olaiarekin baino, paisaiaz gehiago disfrutatu ahal izan zela Fermin Muguruzaren kontzertuaren orduan. Ze gozagarria. Ilunabar bikaina belardian eserita disfrutatzeko, momentuko musikari kasurik apenas egin gabe. Orduantxe Xsakara ari zen eszenan, Dupla ere entzun dugu ordenagailuz bestalde, eta taloa baten bati kontrako eztarritik joateko moduko letra narras samarrik ere bai. “Zugana itzultzen naiz boomerang bat bezala”. Eta, esan didatenez, “gora euskal mugimendua” ere bai. Ba gora. Altxa ipurdia belarditik. Ondo gozatua orain artekoa; ilunabarrak ez zeukan preziorik.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Egia erran, Fermin Muguruzak lehertu duen akelarre antifaxistak ez du preziorik izan. Ikaragarri entzun da, eta bi orduko saioa eskaini du, apenas geldiunerik gabe, kasik diskurtsito-rik gabe, eta ongi. Betiko piezak, betiko publikoa, eta beti ongi.

Baina leloen dema gero ere. Marte Lasarte. Mikrofonoak kantatzeko direla, egia esan, oroitu beharrik ez legoke. Eta kantatzeko ez bada, zeozer aldarrikatzeko; baina gauza batzuk esateko... Tira, lanaren kontrako apologia, eta denok langabeziara joatea aldarrikatu-edo: “Esan nagusiari ez duzula lanera joan nahi”. Ados. “Baina erosi nire kontzertuen sarrerak”?.

Urteroko moduan, ekitaldi politikoaren ostean jo du Muguruzak, horixe izan da festibaleko plater nagusia, eta horren ondoren eta zegoen jendetzarekin oholtzara igotzea, eta mailari eustea, ez da batere erraza. Animoak apaltzen dira lehenago edo geroago. Beno, after-zaleek Marta bikote frantsesarekin egin zuten topo. Bateria bat, sintetizadoreak, eta biolina hatzekin jotzen. Ikustaldia.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Mani-manimoi
Xiberootsen Manimoi abestiarekin esnatu ditu EHZk kanpalekuko gazteak igandean. Furgesia-rengana ziur ez zela halako burrunbarik heldu. Horiena beste maila bat da, eta horien artean ere badira mailak eta mailak. Eta modak. Normalean, urtero, mundua guztia deritzogun lagin horrek urtero zer kotxe darabilen nahiko argi geratzen omen da, hala esan ohi da... 

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Bero sapatik babesteko aterpeak gutxienez laukoiztu egin dira igandean. Karpa horiek denak non zeuden gorderik orain arte? Salbuespenerako izango ziren, ziur, zeren EHZk ez du onartzen enpresen markarik egoterik, ez festibalaren filosofiatik gertuen egon daitekeen enpresa edo dena delakorena, ezta ere, eta are gutxiago, garagardo markena. Baina beroak agintzen du. 35 gradutik gora eguerdian, ez da txantxetarako. Corona ipintzeagatik, zer demontre. Egunotako nekearen pisua ere nabari dute festibaleroek zangosagarretan eta oin azpietan.

 Dani Blanco / ARGIA CC BY SA

Igande ederra iragan du EHZk: pozerako nagusiki, jendea dantzan, ongi pasatzen, plazako ikusgarriei so, eta zikiro bazkari ederraren gogoz, laborarien lan bikainarekin. Bizipoza transmititu ohi dute festibal honen igandeek, ez da dudarik, batzuk eguna pasatzera heldu berri direlako, bestetzuentzat irribarre batez agurtzeko unea iristen delako, eta plazan hori dena juntatzen ahal delako, hango eta hemengo dantzarien zein saltsa eta cumbia doinuko taldeekin.

Eta jendea agurtzen joan ahala, ezagunak gutxitzen dira igande arratsaldez. Pentzeko kontzertuetan bistakoa izan da hori, nahiz usu entzun den beste urteetan baino igande jendetsuagoa espero zela: kanpinean oraindik baziren oihal etxe batzu-batzuk, eta auto aparkalekuan, errealki autoak gutxitu baziren ere, astelehen goiza heldu arte ez zen ia erabat hustu. Izan du horrek zergatia; Errobik jo du lehenik pentzean, Tapia eta Leturia izan dira geroxeago, eta Xiberootsek ipini du ginga azkenik. Maila oso handian hirurak, eta jende anitz ipini dute dantzan, bestan, bizitza bera ospatzeko (ere) badago-eta. 

Lurraren (h)erritmoa izan da aurtengo leloa

Auto aparkalekua hustu da, desmuntatze lanetan ari diren prestuenak kenduta. Arberatze-Zilhekoaren plaza ikusteko moduan dago astelehen goizean: hankaz gora zeharo, baina isil, isil-isil. Eta oso eder. Segituko du oraino eder, kronika hau irakurtzen duzunean ere.

Hiru eguneko festibala amaitu bada ere, oraino ere segitzen du lanean EHZk, urte osoko lan ez-ordainduak ez baitira sarri ikusten, baina hor dira. Eta segituko dute egoten, festibal hau horrek ere egiten baitu berezi. Erresistentzia doinu bilakatzen du EHZk.

29. edizioa izan da aurtengoa; datorrenean 30 urte EHZk. Handia izanen da. Egia erran, ohea eginda dauka; ongi ipinita ditu zimenduak, lurrean, lurraren erritmora. Dantzatuko dugu datorren urtean ere.