argia.eus
INPRIMATU
Sebas Goikoetxea eta Nikolas Mendizabal gogoratu dituzte, 42 urte geroago
  • Guardia Zibilaren kontrol batean hil zuten ibartarra 1977an, Nikolas Mendizabal kidearekin batera. Martxoaren 8an, urtero bezala, gogoan izan zituzten senideek.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 11
Senideak Gabiriako bidegurutzean, 1977an Sebas Goikoetxea eta Nikolas Mendizabal goardia zibilek tirokatu eta hil zituzten lekuan. (Argazkia: @joniubeda)

Sebastian Goikoxetxea 'Xebas' ibarrako gaztea eta Nikolas Mendizabal 'Zaharra' 1977ko martxoaren 8an hil zituzten Gabiria parean, Zumarragarako bidean gertatu zen Guardia Zibilaren kontrol batean.

Xebas eta Zaharra astearte batez hil zituen Guardia Zibilak, Gabirian, arratsaldeko 16:30 aldean. Zumarraga aldetik autoan zetozen ETA politiko-militarreko bi kideak, Francisco Aldanondorekin batera. Altzibar baserriaren parean, Gabiriako bidegurutzean, errepide-kontrola jarrita zeukaten guardia zibilek. Metraileten tiroekin bertan hil zituzten Xebas ibartarra eta Zaharra zaldibiarra, eta hankan zauritu zuten Aldanondo. Ondarrutarra bi urte geroago hil zuen Guardia Zibilak, Tolosan, tiroketa batean.

Protesta biziak eta ezinegon handia eragin zituen garai hartan bi etakideen hilketak. Gabiriako hilketen ondoren egoera politikoa gogortu egin zen, berriz. Manifestazio jendetsuak eta greba orokorrak egin ziren Hego Euskal Herri osoan gertaera hura salatzeko. 

42 urte geroago Sebas Goikoetxea omendu nahi izan zuten senideek.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu.