argia.eus
INPRIMATU
Seaskaren Lagunak elkartea sortuko da ikastolak ekonomikoki laguntzeko
  • Falloux legea” oinarri hartuta Ipar Euskal Herriko ikastolei finantziazio publikoa ukatu zieten urte hasieran. Horri buelta eman nahian sortu nahi dute Seaskaren Lagunak taldea, ikastolak diruz laguntzeko. Ikasle eta guraso ohiei dei egin nahi diete finantziazioan parte har dezaten.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 15a
Seaskaren Lagunak elkarteak Ipar Euskal Herriko ikastolen finantziazio sarea osatu nahi du

Egitasmoan lehen urratsak emateko bilkura irekia deitu dute azaroak 16rako, larunbata, Seaskak Kanbon duen egoitzan, 9:30etan. Seaskako ikasle edo guraso ohiei eta ikastola sostengatu nahi duen orori egin zaio bilkuran parte hartzeko gonbitea.

Batzarrean elkartearen sorreraren berri emanen da eta bertaratutakoek proposamenak egiteko aukera izanen dute, guztien artean proiektu sendoa definitu asmoz. Taldeak bi xede nagusi bildu nahi ditu; batetik, Seaskako ikastolentzako diru-iturri berriak aurkitzea, eta bestetik, ikasle ohien arteko harremanak sakontzea. Azken horiek sare sozialetan ia 1.000 laguneko taldea osatu dute Seaskako Ikasle Ohiak orrialdean, horien elkarlana sustatzea da gakoa.

Patxi Bergarak Kazeta.info atarian argitaratutako artikuluan eginiko proposamenaren ondotik dator proiektuaren jaiotza. Bergarak idatzitako artikuluan euskara gure ardura dela eta jarduteko eskatzen zien ikasle ohi eta oro har euskara maite duten guztiei.

Iritzi artikulua irakurrita, Xipri Arbelbide idazle eta kazetari heletarrak elkartea lehenbailehen sortzeko beharra ikusi zuen. Egun, bospasei lagunek osatzen dute egitasmoaren oinarrizko taldea eta larunbateko bilkuraren ostean, 20-30 pertsona aktibatzea espero dute sortzaileek.

Seaskako lehendakari Paxkal Indok martxan jartzear dagoen egitasmoa bultzatzeko dei egin die herritarrei.