argia.eus
INPRIMATU
Seaskaren baliabideak emendatzeko eskatu diote Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko parlamentariek
  • Maiatzaren 21ean bidali diote gutuna Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroari Ipar Euskal Herriko sei parlamentariek. Dagoen ikasle kopurua ikusita, ikastoletarako aurreikusi dituzten lanpostuak "aise gutxiegi" direla deitoratzen dute gutunean. Kexua adierazteko mobilizatuko da ostiral honetan Seaska, danborrada eginez Baionako karriketan gaindi.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko maiatzaren 23a
Seaskaren mobilizazioetarako bat. Argazkia: Manu Amado

Beren "kezka handia" helarazteko gutuna bidali diote Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroari Peio Dufau, Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz diputatuek, eta Max Brisson, Frederique Espagnac eta Denise Saint Pee senatariek. Ministerioak aurreikusi duen langile kopurua "aise gutxiegi" direla uste dute seiek. Orotara, 4.300 ikasle dira 39 ikastetxetan –lehen mailako 33 ikastola, bost kolegio eta lizeo bat– .

Postuen eskasiagatik, ikasle gehiegi izanen lirateke gela batzuetan. Adibidez, Baionako kolegioko seigarrenean 33 ikasleko bi gela izanen lituzkete, muga 28an denean jarrita. Senpereko (Lapurdi) Kattalin Elizalde kolegioan gauza bera: duela bi urte irekitako kolegioan hirugarren maila irekitzekotan dira eta, Seaskaren kalkuluen arabera, bi ikasgela behar lituzkete, hau da, 3,68 irakasle postu gehiago. Ministerioak, haatik, 1,6 izatea baizik ez die onartu. Larzabaleko (Nafarroa Beherea) Manex Erdozaintzi kolegioan ere galdeturikoa baino gutiago bideratu zaie –1,6 postu, 1,84 izan ordez–. Lehen mailako 33 ikastoletarako ez diete postu bakar bat gehiago eman. Gainera, ardura batzuk betetzeko postuak ere ez dizkiete onartu (inklusioan berezituriko langileak, pedagogia aholkulariak...) eta horrek kalitatezko irakaskuntza trabatzen duela ohartarazten diote parlamentariek.

Ondokoa diote gutunean: "Konprenitzen ditugu erantzun horrek ikasleen, haien familien eta irakasleen artean sortzen dituen larritasuna eta kezka. Euskarazko murgiltze sarearen ikasketa baldintzak eta funtzionamendu egokia zuzenean arriskuan ezartzen ditu".

Hori horrela, heldu den ikasturterako aurreikusitako lanpostuak berrikusi, eta berriak sortzeko "politika boluntarista" izan dezala galdetu diote Hezkuntza ministroari. Euskararen "egoera berezia" dela eta ausardia eskatzen diote gutunean.

Azken urteetan, ikasleak anitz emendatu dira ikastoletan, eta ikasgela gehiago irekitzeko xedea zuten hainbat kolegiotan.

Mobilizazioa, "baliabideak eta errespetua" eskatzeko

Baionako karrikak hartuko dituzte ostiral honetan, Seaskak deiturik. Herri Urratsen hasierako ekitaldian plazaratu zuen bere kexua Seaskak, maiatzaren 23rako mobilizaziora deituz: "Egoera honek kezka eta egonezina sortzen du. Errespetu falta handia da gure ikasle eta familiei begira. Berrikitan entzun dugu diskurtso aldaketa izan zela Paris aldean. Hitzak ez dira aski eta ekintzak behar ditugu. Ez dugu onartzen, ez eta onartuko ere".

Arratsaldeko 17:00etan abiatuko dute danborrada: "Danborrada erraldoia eginen dugu, milaka izanen gara dagozkigun irakasle postuak eta mespretxu gutiago aldarrikatzeko".