argia.eus
INPRIMATU
Seaskaren aldeko hotsak nagusi izan dira aurtengo Herri Urratsen
  • Milaka euskaltzale bildu dira, beste behin, Senperen. Prefosta lelopean, Larzabalgo Manex Erdozaintzi ikastolentzat izango dira aurtengo irabaziak. Seaskak Frantziaren Gobernuari eskatzen dizkion irakasle kopuruaren gatazka eguneko protagonista bilakatu da.  

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko maiatzaren 14a
Irudia: @IurreBidegain

Jai giro beroa izan da Senpereko lakuan. Lehen orduan eguraldiak lagundu ez badu ere, egunak aurrera egin ahala eguzkia atera da. Ikastolek azken urteetan izan duten ikasle kopuruaren gorakadaren ondorioz, 25 irakasle plaza  gehiago eskatu dizkio Frantziako Hezkuntza ministerioari. Hark, aldiz, lau plaza gehiago baino ez dizkie eskaini oraingoz ikastolei. Joan den larunbatean, manifestazioa egin zuten Baionan, ikastolentzako irakasle gehiago galdegiteko.

Paxkal Indo Seaskako lehendakariak azaldu du lau postuak urrun daudela beren beharretatik: “25 postu behar ditugu, ez daitezen berrogeitik gora ikasle izan geletan, eta elbarritasun bat duten haurrek baldintza duinetan ikas dezaten”. Pierre Barriere Frantziako Akademiako ikuskariak bere aldetik nabarmendu du irakasleen formakuntzan jarri behar dela fokua, “hori ere erronka“ bat dela.

Gaurko ekitaldian, babesa eskatu die Indok Ipar Euskal Herriko hautetsiei. Iragarri duenez, Seaskak mozio bat helaraziko die "ondoko egunetan" herriko etxeetan eztabaidatu eta onartu dezaten.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak kezka agertu du Frantziako Akademiaren jarrerarekin, eta euskararen etorkizuna jokoan dela ohartarazi du.