Herri Urrats jaialdiko hasiera ekitaldian Seaskako zuzendaritzako kide Erik Etxartek salatu zuen Parisek oraindik ez ziela irakasle postu gehigarrien proposamenik egin hurrengo ikasturtera begira. Asteburuan heldu zaie Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzuna, eta astelehenean eginiko agerraldian salatu dute "onartezina" dela. Euren arabera, ministerioak eskainitako irakasle postuak ez dira nahikoa hurrengo kurtsoan izango dituzten ikasleen beharrak asetzeko, eta ostiralen Baionan mobilizatzeko deia luzatu dute.
Duela bi aste egin zen Herri Urrats jaialdiko hasiera ekitaldia baliatu zuen Seaskako zuzendaritzako kide Erik Etxartek deialdia luzatzeko: hurrengo kurtsora begira irakasle postu berrien inguruan Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzunik ez zutela jaso ikusita –martxoan amaitzen zen epea–, ostiralean "danbor hotsek" Baionako kaleak hartuko dituztela iragarri zuen Etxartek. Bada, asteburuan Parisen proposamena heldu zitzaion Seaskari, eta "onartezina" dela salatu du astelehenean Kanbon eginiko agerraldian. Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren arabera, Frantziako Hezkuntza Ministerioak hurrengo ikasturterako ezarri dizkion irakasle postuak ez dira nahikoa izango dituzten ikasleen beharrak asetzeko.
Urtez urte ikasle gehiago hartzen ari dela ikusita, Seaskak iazko azaroan jakinarazi zion Parisi irakasle postu berrien inguruan zein behar zituen, eta harekin bildu zen urtarrilean. Astelehenean argitaratu duten agiriaren arabera, ordea, elkarteak biltzen dituen 33 ikastolen artean Hezkuntza Ministerioak ez die irakasle postu bakar bat gehiago eman. Gainera, ez dizkie onartu inklusiorako irakasle bereziturik nahiz aholkulari pedagogikorik.
Apirilean Hezkuntza Ministerioarekin eginiko bilkuran, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren buru den Maider Behoteguyk adierazi zuen harrera ona egin ziela. Adierazpen horiek oroitaraziz, Seaskak agerraldian honakoa aldarrikatu du: "Hitzak ez dira nahikoa, eta ekintzak behar ditugu". Izan ere, Ipar Euskal Herriko ikastolak eta Paris lotzen dituen hitzarmena da EEP, baina bukatua da 2022tik, eta ez dute berritu geroztik. Egoera horrek "kezka eta egonezina" eragiten diela azaldu du Seaskak: "Errespetu falta handia da gure ikasle eta familiei begira".
Senpereko Kattalin Elizalde kolegioaren kasua
Halere, hurrengo urtera begira arazo handiena Senpereko Kattalin Elizalde kolegioan izango dute. Izan ere, azken urteetan seigarren, bosgarren eta laugarren mailako gelak estreinatu ostean, 2025-26 kurtsoan hirugarren mailan bi gela ireki nahi dituzte kolegio horretan. Seaskaren agirian, ordea, salatu dute Hezkuntza Ministerioak gela bat irekitzeko nahikoa postu ere ez diela eskaini: hau da, bi gela zabaltzeko behar diren 3,68 irakasle posturen ordez, 1,6 irakasle posturekin moldatu beharko da Kattalin Elizalde kolegioa.
Kolegio horretako zuzendari Iñaki Lekuonarekin hitz egin du Berria egunkariak. "Nola pentsatzen du Parisek posible dela horrelako kopuruekin lan egitea?", galdetu du Lekuonak, irakasle bakarrak 39 ikasleren ikasketa prozesua segurtatzea "ezinezkoa" baita. Inklusiorako postuei dagokinez, Kattalin Elizalde kolegioko zuzendariak adierazi du Hezkuntza Ministerioan "paparra handitzen" dutela horretaz mintzatzerakoan, baina ez diotela inolako begirunerik kalkuluak egiten dituztenean.