argia.eus
INPRIMATU
Seaskak mobilizazio gehiago egingo ditu eta tokiko instituzioei engaiatzeko eskatuko die
  • Emaitzarik gabe bukatu zen asteartean Seaskako ordezkariek eta Bordeleko akademiako arduradunek egindako bilera: Frantziako Estatuak ez du ikastoletarako postu gehiago onartuko. Seaskak protesta berriak iragarri ditu, instituzio lokalei ardura eskatzearekin batera.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 05
Seaskaren manifestazio bat aurtengo apirilean (argazkia: Enbata).

Seaskak geroz eta ikasle gehiago dauzka, baina eskari horri erantzuteko beharko lituzketen irakasle kopurua emendatzeko trabak aurkitzen ari da Ipar Euskal Herriko ikastolak biltzen dituen elkartea. 25 irakasle gehiago beharko lituzke Seaskak; ministerioak bost eta erdi besterik ez dizkio eman.

Egoera horren aurrean, mobilizazio dinamika azkarra jarri du abian Seaskak azken hilabeteetan. Horrekin batera, blokatuta dagoen egoerari irtenbidea emateko solasaldiak izan dituzte Seaskako arduradunek, azkenekoa astearte honetan bertan. Baina momentukotz, negoziatzeko borondaterik ez dute agertu Bordeleko akademiako ordezkariek.

Horrenbestez, Seaskak mobilizatzen jarraituko duela iragarri du: larunbat honetan Pauera joango dira –joan den ostiralean ere han izan ziren, Akademia Ikuskaritzaren bulegora; baita ikuskariarekin elkartu ere, emaitzarik gabe–. Gainera, Ipar Euskal Herriko erakundeei engaiamendua eskatuko diete.

Instituzioen aldetik mugimendu batzuk hasi dira, Garikoitz Goikoetxeak Berria-n jaso duenez: Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) aztertzen ari da Seaskari aparteko diru laguntza ematea, erakunde horretako lehendakari Beñat Arrabitek euskarazko kazetari baieztatu dionez.