argia.eus
INPRIMATU
Ikasleentzako pisuak inaguratu ditu Seaskak Baionan
  • Claire Haranek euskararen aldeko proiektu bat egin zezan Hotel des Basque utzi zion Seaskari eta hamabost urteren ostean ikasleentzako bizitokia inaguratu dute. Baionako San Andres plazan dago, eta milioi eta erditik gorako inbertsioa egin dute eraikina eraberritzeko.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko abenduaren 17a
Ikasleen pisu azpian ON! bilgunea irailean inguratu zuten. Euskal Irratiak

Duela hamabost urte Claire Haranek gurasoengandik jasotako Hotel des Basque utzi zion Seaskari. Haranari eginiko elkarrizketa batean aipatu zuen hotela saltzen jarri zuenean eskaintza asko jaso zituela, baina horiek alde batera utzi eta “euskararen garapenerako” gune bilakatzea agindu zuen. 2013an zendu zen Haran, baina haren koinata Beatrice Molle Haran Seaskako ikasle eta sasoilarientzako solairuen inagurazioan egon da. “Harro” agertu da koinataren erabakiarekin eta azaldu du “Baionan horrelako erakusleiho bat eman nahi ziola Seaskari”.

Asteartean inagurazio ospakizuna egin badute ere, duela bi urte ireki zituzten ateak ikasleentzat. Obra guztiak amaituta, 14 eta 25 metro kuadro arteko hamasei estudio eta bi gelako etxe bat ditu eraikinak. Estudioen prezioa hilero 215,78 eta 392,83 euro artekoa izango da. Argindarra, ura, Interneterako konexioa eta eraikinaren funtzionamendurako gastuak 125 euroan finkatu dituzte.

Ikasle federazioak aipatu du Hotel de Basque zena “biziki egoera txarrean” aurkitu zutela, proiektua aurrera ateratzeko egin behar izan dute milioi eta erditik gorako inbertsioa. Akitania Berriko Eskualdeak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Baionako Herriko Etxeak emandako diru laguntzari esker egin diete aurre egokitzapeneei. Aurrerantzean, alokairuetako ikasleen mailegua baliatuko dute inbertsioa ordaintzeko, “ez dugu zentimo bakar bat ere irabaziko 20 urtez” argitu dute.

Seaskako lehendakariorde Erik Etxarteren hitzetan “Ipar Euskal Herriko bihotza bilakatu da” San Andres plaza, besteak beste, Taupada, Plazara, UEU, Euskal Hedabideak, Bada, Elkar, Biga Bai eta Euskal Konfederazioaren bulegoak bertan daude. Ikasleen bizitokien azpian daagoen gunea ON! bilgunearen esku utzi dute.