Baionako suprefet Patrick Dallennesek jakinarazi du Falloux legeari aurre egiteko aterabidea lantzen ari direla. Seaskako ikastolen aldeko IkasTalo Mani´Festaren ondotik egin ditu adierazpenok.
Otsailean aurkeztuko dute Frantziako Hezkuntza Kodearen irakurketa gaurkotua bilduko duen zirkularra.
Aterabide orokor horrek izaera integrala izanen duela aurreratu du Dallennesek; hortaz euskarazko hezkuntzaz gain bretoiera eta alsaziera egiten den ikastetxeetan ere izanen du eraginik.
Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak adierazi du suprefetak “hitz ederrak” esan arren ez duela irtenbiderik eskaintzen. “Zirkular batek egiten duen gauza bakarra legea oroitaraztea da”, salatu du Gorostiagak. Bere ustez Falloux legea indargabetu artean ez da irtenbiderik egonen.
1850.urtean indarrean jarritako Falloux legeak hezkuntza pribatuko ikastetxeei - Seaskako ikastolak tartean- diru publikoarekin laguntzea debekatzen du. Horrek hainbat ikastolaren sorrera eta berritze asmoak geldiarazi ditu, eta arriskuan jarri ditu, besteak beste, Hendaia, Beskoitze eta Hazparneko ikastola proiektuak.
Gogoratu behar da, Falloux legea dekretu aurrerakoia zela sortu zenean. Izan ere, garai hartan hezkuntza pribatua ikastetxe erlijiosoen baitan zegoen eta horien finantzaketa publikoa galaraztea helburu zuen legeak. Egun, Frantziako gobernuak frantsesa lehen hizkuntza gisa erabiltzen ez duten ikastetxeak "zigortzeko" berreskuratu du XIX.mendeko legea.