argia.eus
INPRIMATU
Save the children, saldu bonbak
Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko otsailaren 10

Pilar Kaltzada Zedarriak taldeko kidea da. Urtarrilaren 15ean taldeak armagintza industria bultzatzeko hurrengo urteotan egongo den “aukera bikaina” aprobetxatzera deitu zuen, oihartzun handia izan zuen ekitaldi arranditsuan. Gasteizkoak talde antimilitaristaren ikerketaren arabera, Zedarriak-en hamasei kideetatik hamarrek izan dute edo dute lotura motaren bat armagintzarekin, tartean Kaltzadak berak. Kaltzada Save de Children (haurrak salbatu) GKEko Espainiako presidentea ere bada. Naiz-i eman zion elkarrizketan azaldu zuen zerk eraman zuen GKEn sartzera: “Txundigarria iruditu zitzaidan jakitea bazela antolakunde bat zioena gerra guztiak haurren aurkako gerrak direla”.

Jokin Aperribay SAPAko burua da, Euskal Herriko armagintza enpresa garrantzitsuenetakoa. Borroka ibilgailuetan eta artillerian aritu da nagusiki, eta berriki sektore aeronautikoan sartu da. Aperribay Realeko presidentea da. Bere webgunean irakurri daitekeenez, “Realaren misioa da zelai barruan eta kanpoan onenak izatea. Real Sociedad Fundazioaren betebeharra da zelaitik kanpo onenak izatea”. Horregatik, fundazioak hainbat balore sustatzen ditu: “Elkartasuna, inklusioa, genero-berdintasuna, euskara, ingurumenarekiko errespetua”.

Mikel Torresek, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, Zedarriak-en proposamenari erantzun zion iragan astean. Produktu eta merkatu berrien “aukera” baliatzera deitu eta Jaurlaritzaren "babesa" ziurtatu zion sektoreari, “herrialde osoaren onerako”.

Armagintza eta militarismoa despolitizatu eta desideologizatu nahi dituzte, haien proiektu politikoa eta ideologia erresistentziarik gabe inposatzeko

Save the Childreneko presidentea esku batekin gerretako haurrak salbatzen eta bestearekin armagintza bultzatzen; Realeko presidentea goizetan elkartasuna eta inklusioa bultzatzen, arratsaldetan heriotzarekin merkataritzan AEBetan, Turkian, Espainian edo Saudi Arabian –eta odol-negozioak harro azaltzen Moncloan, talde argazkia eginda Espainiako armagintzaren buru nagusiekin–; Jaurlaritzako lehendakariordea armagintza sustatzeko konpromiso publikoa hartzen, Gasteizko Legebiltzarrak hori debekatzen duen legea onartu bazuen ere, tartean bere alderdiaren aldeko bozekin; Jaurlaritzako lehendakariordea EAEko ekonomian armagintzak duen pisu “oso garrantzitsuaz” harro 2024an, 2017an Urkullu lehendakariak hori bera ezkutatu nahi izan zuenean produkzioa “ehizarako armetara” mugatuta.

Urte batzuk direla, horietako gauza asko ez lirateke gertatuko, eta gertatuko balira asaldura handia sortuko lukete, gaur ez bezala. Zergatik? Torresek eman du erantzuna, armagintzaren konplexurik gabeko apologia egin ostean gehitu baitzuen sozialistak: “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakeen posizio ideologikoak esparru honetan”.

Heriotzaren merkataritza sen on hutseko zerbait bailitzan irudikatu nahi dute. Armagintza eta militarismoa despolitizatu eta desideologizatu nahi dituzte, haien proiektu politikoa eta ideologia erresistentziarik gabe inposatzeko munduan zein etxean. Ez dezagun baimendu, hurrengo urteotan gure gizarteek hartuko duten norabidea erabakitzeko lubaki garrantzitsuenetakoa baita.