“Orain pilota zuen teilatuan dago”, adierazi diote udal gobernuari, suak kaltetutako gaztetxeko teilatuaren konponketak bere gain har ditzan. Gaztetxeko kideek behin behineko estaldura jartzeko lanak egin dituzte, "udal gobernuaren eta jabeen utzikeriaren" aurrean.
Ostegun honetan elkarretaratzea egin dute Portugaleteko udaletxearen parean, udalari Sastraka gaztetxearen teilatua konpontzeaz ardura exijitzeko. “Orain pilota zuen teilatuan dago”, aldarrikatu dute mobilizazioan, pilotak jaurti dituzte eta kiskalitako egur zatiak utzi dituzte eraikinaren atarian.
Gazteek elkarrizketa mahai bat osatzea eskatu diote udal gobernuari, “aterabidea bilatzeko”. Hori ez ezik, euren ustez, udalak eraikinaren jabeak “egiteke dagoen lana betetzera behartu beharko lituzke”, hots, “obraren izapideak bere gain hartu eta jabeei faktura pasatu”.
Gazteen esanetan, jabeei “beharrezko isunak” ezarri eta obrak bere gain hartu behar lituzke udalak. Dena den, azken aukera horrek konponketa lanak atzeratzea ekarriko luke, “egingo ez den obra baten esperoan”.
Gaur herriak udaletxeari teilatuko lanak jarrai ditzan exijitu dio, argi eta ozen esan dugu:
Orain #PilotaZuenTeilatuanDago! pic.twitter.com/BP60Fr7yTo
— Sastraka Portugaleteko Gaztetxea (@SastrakaGaztetx) September 25, 2020
Izatez, Sastrakako sutea jazo zenean, jabea eta udal gobernua ez ziren behin behineko konponketez arduratu. Hori dela eta, gaztetxeko kideek kaltetutako teilatuari estalkia jarri behar izan zioten euren kabuz, beharrezko segurtasun neurri guztiak hartu eta obrarako plana zehaztu ostean. Ondorioz, eraikin historikoarekin gerta litekeena hemendik aurrera udal gobernuaren esku dagoela azaldu dute mobilizazioan.