Zeruko Argian eta Anaitasuna-n idatzi zituen zinema kritikak Joseba Sarrionandiak 1977 eta 1980 urteen artean, 20 urte inguru zituela. Horien bilduma eginda, Pamiela argitaletxeak argitaratu du liburua, Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980). Josu Martinezek egin ditu edizioa eta hitzaurrea.
Batzuetan testu luzeagoak, besteetan motzagoak... Astez aste komentarioak idatzi zituen Zeruko Argian eta Anaitasuna-n Joseba Sarrionandiak. “Ordura arte ez zegoen halakorik euskaraz”, adierazi du Josu Martinez zinegile, irakasle eta liburu honen ediziogileak.
Hitzaurrean honela dio Martinezek: “Buñuel, Kubrick, Chaplin, Bertolucci, Eisenstein, Pasolini, Bergam, Fassbinder, Woody Allen... Zinemaren historiako pelikula eta autore gako asko ageri dira Sarrionandiak 18-22 urte zituela idatziriko testuotan, eta horrekin batera, gero bihurtuko zen idazlearen ezaugarri nagusiak ere nabari dira: erudizioa, umorea, kritikotasuna eta poesia eta filosofiarako joera”.
Ostegun eguerdian egin dute aurkezpena Tabakalerako tabernan, Donostiako Zinemaldiarekin bat eginez. Propio, jakina. Izan ere, Zinemaldia bertatik bertara jarraitu zuen Sarrionandiak, ostatu hartuta Elixabete Garmendiaren Amarako auzoko etxean. Zeruko Argian zebilen Garmendia, eta ordurako hasia zen Sarrionandia astekarian idazten. Garmendiak aurkezpenean oroitarazi duenez, Zeruko Argiaren Donostiako Okendo kaleko bulegoan 1977ko apirilean hasi ziren jasotzen Durangotik era anonimoan bidaliriko idazki batzuk. “Ondo idatzita zeuden, artikulu modernoak ziren, literaturari eta zineari buruzkoak oro har, baina baita gai soziopolitikoen ingurukoak ere, betiere ezkerretik pentsatuta, eta ezizen batekin sinatuta”.
Anboto inguruko gazte hura Donostiara bilera batera bertaratzekoa zela-eta, Zeruko Argiaren bulegotik pasatzeko esan zioten. Han azaldu zen 18 urteko gaztea. Tratuak egin zituzten; zerbait pagatuko ziotela, Zeruko Argiarentzat inportantea zela haren idazkiak argitaratzea. “Gu kazetari soil-soilak ginen, eta hau idazlea zen; idazkera gustatzen zitzaigun eta bazeukan zerbait indar handia zuena”, adierazi du Garmendiak. Are, Zeruko Argiaren bulegoan “desiratzen” egoten ziren postaria noiz helduko. “Beti sorpresaren bat ematen zigun”, gehitu du.
Ispilua
Joseba Sarrionandiak aitortu du “lotsatuta” dagoela liburua argitaratu delako, oso gazterik idatziriko gauzak direlako eta, gaurko egunetik begiratuta, hainbat kontu “arraroak” iruditzen zaizkiolako. Eta, aitzindari gisa aurkeztu badu ere Martinezek, berarentzat beste norbaitzuk ziren erreferenteak, hala nola Bernardo Atxaga eta Ramon Saizarbitoria, Gu Euskadi-n idazten zutelako. Txema Larrea eta Felix Ibargutxi ere izan ditu gogoan.
“Euskaldunok, orduko hartan, hutsetik sortzen ari ginen dena”, oroitarazi du Sarrionandiak. Momentu historikoa zen, gainera. Zeren, ordura arte, normalena zen “westernak eta espainoladak ikustea”, horiexek ematen zirelako zine aretoetan, “besteei pasatzen zitzaizkien gauzak”, ez ordezkatuta sentitzeko moduan. Urte gutxitan, baina, zinemaren industria errekuperatu egin zela uste du Sarrionandiak; bestelako pelikula batzuk ekoiztu ziren nazioartean, eta zine aretoetan ikus zitezkeen. Gai soziopolitikoen inguruko gaiak, filmetan atzerrian kokatuko baziren ere, “euskaldunon eguneroko ziren”. Hau da, ispilua: “Besteei pasatzen zitzaien arren, guri ere gertatzen zitzaizkigun gai horiek”.
Memento inportantea zen euskaldunentzat, Sarrionandiaren aburuz: “Gauza asko behar genituen (sozialismoa, independentzia, sexua...) eta zineak ematen zigun leiho eta utopia zentzu hori”. Sarrionandia gazteak bere buruari ipini zion zeregina: leiho horri buruz zerbait interesgarria esatea.
Martinezek finitu du esanez “bide irekitzaileak” izan zirela Sarrionandiaren testu horiek. Fundamentalak izan dira euskal zinemarentzat, bere arabera, kultura zinematografikoa eraikitzen lagundu dutelako. Pelikulak beharrezko dira, ikusleak ere bai jakina, baina baita kultura zinematografikoa ere.