Sarkozy libre baina inputatua

  • Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakari ohia libre geratu da bart epailearen aurrean deklaratu ondoren, baina fiskaltzak hiru delitu leporatzen dizkio: ustelkeria, influentzia trafikoa eta instrukzio sekretua haustea. Delitu hauen zigorra 10 urteko espetxe zigorreraino iritsi liteke.


2014ko uztailaren 02an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Frantziako presidente ohia ustezko hainbat deliturengatik ikertzen ari dira (argazkia: Reuters).

Astearte goizean izan zen atxilotua eta 15 orduz Nanterreko polizia judizialaren aurrean deklaratu ondoren, Parisera eraman zuten epailearen aurrera. Honek libre uztea eta inputatzea erabaki zuen. Lehen aldia da Frantziako presidente bat atxilotu eta inputatzen dutena. Azken boladan, gainera, albiste asko atera dira esanez Sarkozy udazkenerako prestatzen ari zela UMPren gidaritzara eta politikaren lehen lerrora itzultzea.

Sarkozyren abokatu Thierry Herzog eta Gilbert Azibert magistratua ere ordu batzuk lehenago atxilotuak izan ziren operazio berean. Sarkozyri leporatzen zaio justizia ikertzen ari den hainbat auzitan bera nola zegoen jakin nahi izatea eta horretarako hainbat epaile eta polizi agintari ohiei informazioa eskatzea, trukean aginte postu preziatuak eskainiz. Hor sartzen dira Herzog eta Azibert. Polizia judizialak hilabeteak daramatza akusatuak ikertzen eta, besteak beste, Sarkozy eta Herzogen arteko telefono entzuketetan oinarritzen dira; horietan, biek hitz egiten omen dute Aziberti buruz eta eskatutako informazioei buruz. Sarkozyk eta Herzogek zelatatuak ziren susmoak zituzten eta beste pertsona batzuen izenean zeuden telefonoak erabiltzen zituzten hizketaldietarako.

Ikertzen ari diren hainbat auzitan dago nahasia presidente ohia, baina atxiloketa ekarri duten ikerketen oinarrian bi daude: Bettencourt afera eta Gadafi afera. Bettencourt auzia 2009an azaleratu zen eta nagusiki Liliane Bettencourt ikertzen du, L,Oréal taldeko akziodun nagusietakoa eta Frantziako hirugarren pertsona aberatsena. Honen ustezko delitu fiskalak ikertzen dira eta horietan daude nahasiak Florence Woerth eta bere senar Eric Woerth, azken hau Sarkozyren Aurrekontu Ministroa 2007 eta 2010 artean eta UMPko diruzaina. Besteak beste, Sarkozyren 2007ko hauteskunde kanpainaren legez kanpoko finantzazioa ikertzen da auzi horretan. Gadafi auzian, halaber, Libiako agintari ohiak Sarkozyri aipatu hauteskunde kanpainarako emandako dirua ikertzen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nicolas Sarkozy
Hiru urteko espetxe zigorra berretsi dute epaitegiek Sarkozyren kontra, ustelkeria egotzita

Frantziako presidente ohi Nicolas Sarkozyri hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote ustelkeria egotzita. Hala ere, ez du espetxean sartu beharko, tribunalak zehaztu baitzuen zigorra etxeko atxiloaldian bete ahal izango duela.


2021-03-01 | ARGIA
Hiru urteko espetxe zigorra Sarkozyri ustelkeria eta influentzia trafikoarengatik

Frantziako presidente ohiak urte bakarra bete beharko du zigorretik, eta epaitegiak aukera eman dio espetxetik kanpo betetzeko. Helegitea aurkezteko aukera du oraindik politikariak. Beste bi epaiketa ditu zain, 2007ko eta 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainak legez... [+]


Nicolas Sarkozy epaituko dutela berretsi dute
UMP alderdia legez kanpo finantzatu izana egotzita epaituko du Frantziako Kasazioko Auzitegiak presidente ohia.

2019-06-21 | Mikel Asurmendi
Sarkozy epaitua izanen da, ez dago politikoki hilda horregatik

Frantziako Errepublikaren presidente ohia solastoki politikoetara itzuli da indar handiz. Estatuko Kasazioko Auzitegiak agintari ohiaren abokatuek jarritako helegite guztiak errefusatu ditu eta. Nicolas Sarkozy ustelkeria eta influentzia-trafikoa direla-eta izanen da epaitua... [+]


2018-03-20 | ARGIA
Nicolas Sarkozy atxilotu dute 2007ko hauteskunde kanpaina legez kanpo finantzatzea egotzita

Lehen aldia da Nicolas Sarkozyk epailearen aurrean erantzun beharko diela Libiako diruarekin 2007ko hauteskunde kanpaina finantzatzeari buruzko galderei.


Eguneraketa berriak daude