"Sareri 2015ean konfiskatutako dirua itzultzeko eskatzen dugu"

  • Otsailaren 23an Espainiako Auzitegi Nazionalean Sarek jarritako helegitea aztertuko dutela eta, Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek, tartean bi lehendakari ohik, eskatu dute itzultzeko euskal preso politikoen eskubideen alde lanean ari den elkarteari 2015ean Guardia Zibilak inkautatutako 104.000 euroak.

Prentsaurrekoa egin dute Bilbon atxikimendua eman duten hainbat pertsonak. (Argazkia: Sare)

2017ko otsailaren 14an - 11:19

Hauek izan dira manifestua sinatu duten pertsonak:

Carlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak; Xabier Arzalluz EAJ-ko lehendakari ohia, Begoña Errazti EA-ko lehendakari ohia; Dani Arranz Bizkaiko Gobernadore Zibil ohia; Andoni Aizpuru, Pili Kaltzada, Xabier Euzkitze; Juan Kruz Lakasta, Mirentxu Purroy edo Martxelo Otamendi kazetariak; Iñigo Iruin, Felix Cañada, Juan Maunel Castells, Bego Atxa, Jone Goirizelaia, Jose Mari Compains, Elisabete Bizkarralegorra, Iñigo Santxo, Arantza Campos, Begoña Crespo, Pedro Ibarra edo Alvaro Reizabal abokatuak; Paul Rios, Maite Aristegi edo Juan Mari Olano; Ainhoa Etxaide, Jesus Uzkudun edota Xabier Anza sindikalistak; Iñaki Zarraoa, Getxoko alkate ohia eta Juan Karlos Goienetxea, Bermeoko alkate ohia; Ramon Zallo, Paco Letamendia, Iñaki Lasagabaster, Aitor Bengoetxea, Jule Goikoetxea eta Yolanda Jubeto unibertsitateko irakasleak; Xabier Oleaga, Kepa Junkera, Gontzal Mendibil edo Eñaut Elorrieta; Jesus Mari Zamora edota Iker eta Eneko Pou kirolariak; Karmen Galdeano biolentziaren biktima, Bixente Serrano Izko Geroa Baiko diputatu ohia eta Iñaki Aldekoa, Aralarko batzarkide ohia; Tontxu Campos edo Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiekin batera.

Gogorarazi dute otsailaren 23an Espainiako Auzitegi Nazionalean aztertuko dutela Sarek jarritako helegitea. "Harritzekoa egiten zaigu, irizpide independente ezagatik barregarri geratu direnek, oraindik ere injustuki atxikituriko dirua ez itzuli izana. Are gehiago, urte bat geroago, 2016an, beste manifestazio bat egin zela eta bertan eginiko diru bilketa herrikoia ez zutela konfiskatu jakinda".

"Justiziaren politizazioan, gobernuaren eskua noraino iristen den ikusi ahal izango dugu, eta estaldura juridikodun erabaki politiko berri batek, Sareri sekula kendu behar ez zitzaiona, eta ekonomikoki itoz ahultzeko xedez kendu zitzaiona, berreskuratzea oztopatzen duen edo ez egiaztatzeko aukera izango dugu". Dokumentua sinatzen dutenek Sareren jarduera babeste dutela eta "bakean izango den euskal jendartea eta elkarbizitza bidean" baturik daudela adierazi dute.

Manifestazioko diruaren konfiskazioa

2015ean Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren agindua betez 104.000 euro konfiskatu zizkion Sareri, "inongo sostengu legalik gabe", salatu dutenez. Sarek hurrengo egunean publikoki jakinarazi zuen diru hori manifestazioan zehar 150 poltsatan jasotako dirua zela, eta manifestazioaren antolaketa gastuak ordaintzeko zela.

"Eta guzti hau, enbarazu egiten dielako Sarek. Hain justu, arbitrarioa eta injustua den epsetxe politika salatzen duelako, eta mendekuan ainguratuta, sufrimenduan betikotu nahi dutenak agerian jartzen dituelako egiten du enbarazu", salatu dute.

Segidan, 2015ean, ARGIAk egindako bideo muntaketa Guardia Zibilak publikatutako irudiei Info7 irratian Teresa Toda Sareko kideak egindako adierazpenak gehituta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude