argia.eus
INPRIMATU
Sarek Velasco epaileari: “Itzuli dirua, itzuli zuena ez dena”
  • Sareren kontuak ikertzeko baimena eskatu dio Espainiako Barne Ministerioak Auzitegi Nazionalari, eta honek ezezkoa erantzun dio. Hori azaldu du presoen eskubideen alde ari den Sarek prentsaurrekoan.

ARGIA @argia 2016ko otsailaren 26a
Sareren aurkako kriminalizazio saiakera salatu dute. (Argazkia: Sare)

Euskaraz Ainhoa Azkarate mugimenduko finantza arduraduna mintzatu da eta gaztelaniaz Joseba Azkarraga bozeramailea. Prentsaurrekoa hainbat pertsonek lagunduta egin dute: Peio Urizar, Javier Madrazo, Juan Daniel Barandiaran, Felix Cañada, Juan Mari Bidarte eta Nazario Oleaga.

Beren haserrea erakutsi dute Espainiako poliziak beren diru kontuak aztertzea eskatu duelako. “Polizia Nazionalaren arabera, manifestazioan bildutako dirua euskal presoen kolektiboari bideratu nahi omen zaio, baina ez du horretarako daturik argitzen. Guk dena argitu genuen: bildutako dirua manifestazioaren gastuei aurre egiteko dirua da”.

Nazioarteko eskubideen arabera, poliziaren praktika hauek “edozein funtzionamendu judizialaren oinarriak hautsi egiten ditu”. Horretaz gain, oinarri demokratikoen aurka ere egiten duela salatu dute.

“Gogoratuko duzuenez, oinarri legalik gabe, 2015eko mobilizazioaren gastuei aurre egiteko bildu genuen diru guztia eraman ziguten. Gaur egun, oraindik ere, ez digute injustuki hartutako dirua itzuli”, salatu dute. Sareren ekimen guztiak, mugimendua bera bezala, legalak eta gardenak direla adierazi dute.

Aukera baliatu dute iazko dirua ez zaiela itzuli eta ahalik eta lasterren itzultzeko eskatzeko. Velasco epaileari ere zuzendu dira: “Irekitako prozedurarekin bukatu beharra dago, dirua Sareri bueltatuz. Itzuli ezazue zuena ez dena. Itzuliguzue euskal jendartearena dena”.

Sareren egoera ekonomikoa ez dela ona azaldu dute. “Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, Sareren bazkide izateko deia luzatzen dugu beste behin ere”.

Espainian osatuko den Gobernu berriak Euskal Herriko gatazkari amaiera eman behar diola uste dute, horretarako, euskal presoen eskubideak bermatuz.