Ekimena larunbatean abiatuko da, Lesakatik, eta igandean amaituko da, Iruñean. Behin betiko konponbidea eskatzeko eta oraindik etxerako bidea egiteko duten presoen eskubideak aldarrikatzeko, orotara 544 kilometro egingo dituzte. Ekimena aurkezteko agerraldia asteazkenean egin dute, hiri buruzagian: "29 herrietan konponbiderako puzzlearen zatiak jasoko ditugu, banaka-banaka".
Asteburuan zehar, larunbatetik igandera Sare Herritarrak antolaturiko Puzzlea osatu arte ekimenak Euskal Herri osoko 28 herri zeharkatuko ditu. Orotara 544 kilometro egingo dituzte, eta herri bakoitzean mota guztietako ekintzak antolatu dituzte, "behin betiko konponbidea eskatzeko eta oraindik etxerako bidea egiteko duten presoen eskubideak aldarrikatzeko". Lesakatik (Nafarroa) abiatuko da ekimena, larunbatean, 10:00etan, eta Iruñean egingo dute amaierako ekitaldia, igandeko 19:00ak aldera.
Hain zuzen, hiri buruzagian egin dute ekimena aurkezteko agerraldia Sareko kideek asteazkenean. "29 herrietan konponbiderako puzzlearen zatiak jasoko ditugu, banaka-banaka", adierazi du Mikel Mundiñano Sareko kideak. Euskal Herrian dauden espetxeetan zigorra betetzen ari diren 117 presoetatik 58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horiek barnebiltzen dituzten herriak. 29 herri horiek lotuko dituen ekimena da Puzzlea osatu arte.
Mundiñanoren arabera, salbuespen lege eta politikek 57 presok etxerako bidea egitea oztopatzen dute, eta, hortaz, azpimarratu du "ezinbestekoa" dela behin betiko konponbidea lortzea: "Horregatik azpimarratuko dugu euskal gizarteak eta gure herriek puzzlea osatzeko duten beharra". Ibilbideari Lesakatik ekin ostean, ekimena Gipuzkoara joango da, eta Bizkaiara ondoren. Igandean Berangotik (Bizkaia) abiatuko dute ibilbidea, eta Araba zeharkatu ondoren, Iruñeara helduko dira, bertan amaierako ekitaldia egiteko.
Arratsaldea girotzeko egitaraua
Ekimenaren amaierako ekitaldia Iruñeko Udaletxe plazan egingo dute igandean, 19:00ak aldera. Joaldunek harrera egingo die ibilbidearen amaiera iritsiko den jendeari, eta, gainera, arratsaldea girotzeko egitaraua antolatu dute: Bolbora, Zaunka, Skabidean eta Fermin Balentziak kontzertukoak joko dituzte.