argia.eus
INPRIMATU
Sarek urtarrilaren 10erako iragarri du manifestazio nazionala, “gehiegi luzatu den” prozesua amaitzeko
  • Ezin da gehiago luzatu lelopean, presoentzako espetxe politika arrunta ezartzea eta iheslarien eta deportatuen itzulera eskatuko dituzte Bilbon, urteroko legez. Horrekin batera, presoen eskubideak defendatu eta, batez ere, Euskal Herrian “konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren” aldeko apustua egitera deitu du Sare plataformak, baita “gehiegi luzatu den” prozesuaren azken txanpari aurre egitera ere.

     

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 08a
Sarek deitutako manifestazioaren aurkezpena

Asteazken goizean Sarek aurkezpen prentsaurreko bidez iragarri du Bilboko urteroko manifestazio nazionala urtarrilaren 10ean egingo duela. Ibilitako bidearen balantzea egin eta “are garrantzitsuagoa” den etorkizunari begiratu diote prentsaurrekoan. “34 urte behar izan dira urruntze politika ankerra bertan behera utzi eta ia preso guztiak espetxeko lehen gradutik, hau da, erregimen itxitik, ateratzeko”, gogorarazi dute. Orain, euskal gizarteari eskatu diote “atxikipen ideologikoak alde batera utzi” eta “gehiegi luzatu den eta sufrimendu handia eragin duen” prozesuaren azken txanpari aurre egiteko, eta manifestazio nazionalean parte hartzera dei egin dute.

Prentsaurrekoan gogorarazi dute Euskal Herriko kartzeletan 123 preso daudela oraindik, eta beste hiru Frantziako espetxeetan; beste hamalau iheslari eta hiru deportatu ere daude. Salatu dute, halaber, espetxe horietan presoen eskubideak urratzen direla eta salbuespenak mantentzen direla, legedian zein espetxeko tratamenduan, ETAk borroka armatua utzi zuenetik hamabost urte baino gehiago iragan badira ere. Aditzera eman dute egoera hau ez dela ona inorentzat, min handia eragiten jarraitzen baitu. Egoera hau amaitzeak “jarrerak hurbildu, enpatia berriak sortu eta zauriak sendatuko” dituela azpimarratu dute.