argia.eus
INPRIMATU
Sare sozialetatik ihes egin duten gazteak: “Saturatuta bukatu nuen”
  • Gazteak dira, jaiotzetik aro digitala baino ez dute ezagutu, eta hiperkonexioaz eta estimulu jarioaz nekatuta/nazkatuta amaitu dute. Gutxiengoa dira, baina garbi dute sare sozialen zurrunbilotik ihes egitea hoberako izan dela: "Ez da alarmismo kontua, baina jakin behar dugu gure denbora zertan igaro nahi dugun".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko uztailaren 23a
Freepik

20-30 urte artean dute eta denek izan dituzte sare sozialak, Instagram, TikTok, X eta beste, baina gure arreta scroll amaigabean harrapatuta izateko diseinatuta dauden gurpil zoro horietatik ihes egitea aukeratu dutela kontatu dute berriki La Voz de Galician. Arrazoien artean, influencer eta iragarki jarioa; estimulu zaparrada; jakinarazpen etengabeei adi egon beharra (“segundo bakar batez bada ere, begiratu behar hori”); algoritmoek autoelikatzen duten burbuila (“egunkari bat irakurtzen, adibidez, zure confort egoeratik aterako zaituen artikuluak aurki ditzakezu”); sare sozialek kontsumitzen duten denbora andana (“zer utzi diot egiteari, txikikeria hauek guztiak ikusten aritzeagatik? galdetu nion nire buruari”)… Pentsa, artikuluan aipatzen duten We Are Social agentziaren ikerketaren arabera, batez beste bi ordu eta erdi igarotzen ditugu sare sozialetan egunero.

"Zer utzi diot egiteari, txikikeria hauek guztiak ikusten aritzeagatik? galdetu nion nire buruari"

“Pertsona deprimitua edo antsiosoa izateko joera baduzu, aplikazio hauek zure arazoa handitzen dute. Nik, adibidez, bospasei ordu eman nitzakeen jarraian sare sozial barruan, deprimituen nengoen garaian”, dio Ariadnak. Orain, pantailaz kanpoko ekintzei denbora eta arreta handiagoa eskaintzen diete denek. Hori bai, lagun talde batzuekin gertatzen zaie denak “elkarrekin” baina bakoitza bere pantailari begira aurkitzen dituztela, edo TikTokeko azken bideo eta memeez hitz egiten jarduten dutela. Kontuak kontu, garbi dute: hoberako izan da aldaketa.

“Mugikor tentelen” eskaerak gora

Iaz kontatu genuen: deskonexioa helburu, Internetik, Whatsappik eta sare sozialik gabeko mugikorrengatik aldatu zuen smartphonea gazteen %12,2k, Espainiako Estatuan. Funtzio oinarrizkoak baino ez dituzten mugikorrak erosteko bilaketak %215 hazi ziren urtebetean. Eta esanguratsua da, Internetik gabeko aroa ezagutu ez duten gazteak dira batez ere beren mugikorretan deskonexio digitala bilatzen dutenak.

Uda garaian, hain justu, haur eta gazteek duten pantaila kontsumoa handitu egin ohi da, baina fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali zituzten joan den udan Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu. Hona udarako erronka zerrenda, ARGIAn argitaratu genuena: jakinarazpenak isildu (“zuk nahi duzunean begiratu mezuak, ez mugikorrak nahi duenean”); mugikorrez norbaitekin komunikatu behar baduzu, deitu; beharrezkoak ez diren aplikazioak kendu; mugikorrean kontzentratuta ditugun funtzioak dagozkien gailuei itzuli (esnatzeko iratzargailua jarri edota ordua jakiteko ordularia); etxera iritsitakoan mugikorra uzteko eta kargatzeko toki diskretu bat aukeratu, “mugikorren parkina”, batetik bestera eraman beharrean; gauez, itzali edo daturik gabe utzi; eredu garela ez ahaztu. Eta jakina, aurrez aurre hitz egin, jolastu, egon, partekatu, irakurri, bizi…