Urtero legez, hitzordua izan dute igandean Sare eta Etxerat elkarteek Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko aldarriak egin dituzte.
Beste behin, Sare eta Etxerat elkarteek euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko aldarriak Hego Euskal Herriko hainbat hondartzatara eraman dituzte. Behin betiko txanpa etxera deitu dituzten mobilizazioek helburu bakarra daukate, zabaldu duten komunikatuaren arabera: "Behin betiko amaitzea sufrimenduarekin, behin betiko konponbidea lortzea, behin betiko bakea eskuratzea, eta noski, behin betiko elkarbizitza agertokietara jauzi egitea".
Azken txanpa izendatu dute, baina adierazi dute azken txanpak hain zuzen ere, "benetan gogorrak eta luzeak" izan daitezkela. ETAk bere jarduera eten zuenetik hamabost urte beteko dira datorren urtean, eta elkarteek aitortu dute fase gogorra izaten ari dela; hala ere, komunikatuan diote "bistakoa" dela prozesuan eman dituzten pausoek ekarri dituzten "fruituak".
Balantzea eginez, azaldu dute 56 preso beren zigorrak erregimen irekian ari direla betetzen, eta hori haien borrokaren emaitza gisa hartu dute. "Hamaika dira, halere, oraindik egia jakiteko, errekonozituak izateko eta erreparatuak izateko falta diren biolentzia ezberdinen biktimak". Gogoan izan dituzte, era berean, "urte luzetan erbestean egotera behartuak izan diren iheslari eta deportatuak".
Azken txanpan urratsak ematen jarraitzeko mezua luzatu dute: "Ezinbestekoa zaigu mobilizatzen jarraitzea azken txanparekin amaitzea guziton artean lortuko dugu eta".