argia.eus
INPRIMATU
Sare Espainiako Auzitegi Nazionalaren fokupean
  • Sare plataformaren atzean legez kanpoko antolakunderik dagoen aztertzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Gaixo dauden presoak aske uztea eskatzeko larunbatean Gasteizen deitutako giza katea dela eta etorri da agindua.

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 23a
Sare plataformaren atzean legez kanpoko antolakunderik dagoen aztertzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak (argazkia: eitb.eus)

Terrorismoaren Biktimak Babesteko Plataformak jarri du Sareren aurkako salaketa. Larunbateko ekitaldiak “ETArekin kolaboratu edo kide izateagatik zigortutako pertsonak goraipatzeko helburua” duela argudiatuz zuzendu da biktimen elkartea Auzitegi Nazionalera.

Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak Radio Euskadin azaldu duenez, Auzitegi Nazionalean “interesak egon litezke” Sareren atzean zerbait ilegala dagoela ateratzeko.

Azkarragak gaineratu du ulertezina dela bere burua demokratikotzat duen estatu batean presoekin eta haien familiekin elkartasuna modu honetan jazarria izatea.

Dispertsioa mendeku jarrera bat dela ere adierazi du, eta mendeku eta gorrotoarekin jokatuz ezin dela aurrera egin. “Biktimen elkarte batzuk erabat politizatuta daude, eta ezin da utzi gobernuen politikak baldintzatu ditzaten”.

Sare plataformak zabaldutako prentsa-oharrean azpimarratu du bere jarduera “kriminalizatzeko” saiakera bat gehiago dela Auzitegi Nazionalaren agindua, eta “giza eskubideen defentsan” lanean jarraituko duela baieztatu du.