argia.eus
INPRIMATU
Sarako Idazleen Biltzarrak 35 urte beteko ditu asteburuan
  • Sarako Idazleen Biltzarra apirilaren 1ean eta 2an eginen da. Aurtengoa 35. edizioa da. Auxtin Zamora eta Jean-Claude Larronde sarituko dituzte. Ohi bezala, idazleek eta irakurzaleek Sarako kiroldegian bat eginen dute.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko martxoaren 28a
Sarako Idazleen Biltzarra Sarako kiroldegian izanen da, urtero legez. Argazkilaria: Isabelle Miquelestorena.

120 idazle, 25 argitaletxe eta hamabost elkarte izanen dira azokan,antolatzaileek jende andana espero dute. Iaztik, Biltzarra egun batez ospatzetik bitan ospatzera pasa zen, eta halxe eginen dute aurten ere.    

Egitaraua usaiako ekitaldiek osatua da. Urtero legez, kutur esparruko pertsonak omenduak izanen  dira. Sarien atalean bi pertsona ageri dira:  Auxtin Zamora olerkaria, Hatsa poesia ekimenaren sustatzaile nagusia eta Jean-Claude Larronde historialaria.

Auxtin Zamora senpertarrak jasoko du lehen saria, baina berak Hatsa poesia egitasmoaren bitartekaritzat jo du bere burua: “Animatzailea besterik ez naiz”. Aurten, apirilaren 8an, Hatsa 20. liburua emanen dute ezagutzera Senperen.

Sarako euskara hiztegia

Literatura genero askotarikoak izaten dira urtero. Aurten baina, hiztegi batek bereganatuko du bisitarien arreta. Koldo Zuazo hizkuntzalariak Sarako euskara hiztegia argitaratu du. Zuazok 4.236 hitz bildu ditu liburuan: “Iparraldean ez dago holakorik. Eta tankera horretako lau baino ez dira hegoaldean”.

Sarako eskolak sona handia eman zion euskarari XVII. mendean. Zuazok orduko maila oparoa ekarri eta gorde nahi du XXI. mendean.

20.000 euroko aurrekontua

Sarako Biltzarrak 20.000 euroko aurrekontua dauka. Sarako Herriko Etxeak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) sostengua da. EKEk 3.000 euroz laguntzen du urtero. Sarako auzapez Jean-Baptiste Laborde-Lavignette kexu agertu da hedabideen aitzinean: “Aurrekontu horrekin ezin izan dugu azken bi urteotako langilea atxiki”.

Langile horren soldataren %95 Frantziako Estatuak ordaindu izan du orain arte, hau da, kontratu mota horrek langile gazte berrien lanak bermatu izan dituena: “Macronen Gobernuak CAE kontratu guztiak kendu dizkigu”. Alkatearen hitzetan “Sarako Biltzarrak beste errekonozimendua behar du, orain arte egindako lanak diru poxi hori baino gehiago merezi du”.