Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.
Espainiako Gobernuko Industria eta Turismo Ministerioak 2,3 milioi euro baino gehiago esleitu dizkio SAPA Placencia enpresari Ibilgailu Elektriko eta Konektatuaren PERTEaren (Berreskuratze eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikoak) barruan. Egoitza nagusia Andoainen (Gipuzkoa) duen enpresak 1,6 milioi euro jasoko ditu dirulaguntzan eta 700.000 euro maileguan, proiektu estrategikoaren hirugarren deialdian jasotako datu ofizialen arabera. Adierazitako helburua "ibilgailu elektrikoaren balio-katea indartzea da, deskarbonizazio industrialaren esparruan".
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Marisol Garmendiak, azaldu du "deskarbonizazioaren eta industria jasangarriago eta aurreratuago baten aldeko apustu sendo eta irmoa" egin dutela. Pastelaren banaketan beste hamabi konpainiak parte hartu dute, eta guztira 90,2 milioi euro esleitu dituzte diru-laguntzetan eta maileguetan.
Hainbat ikerketak eta erakundek salatzen dutenez, Espainiako armamentu-sektorearentzako hornitzaile garrantzitsua ere bada SAPA, eta Israelgo Estatuko enpresa militarrekin lankidetzan dihardu, hala nola, Rafael Advanced Defense Systems eta Elbit Systemsekin. Ibilgailu militarrentzako elementuak fabrikatzen ditu konpainiak, VCR 8x8 Dragon bezalako programetan parte hartzen du, eta Israelgo Estatu genozidara teknologia militarraren esportazioetan parte hartzeagatik seinalatua izan da, giza-eskubideen hainbat behatokik bildutako dokumentazioaren arabera.
"Historiako gobernurik aurrerakoienak" hitzeman du ustezko arma-enbargo bat ezarriko diola entitate sionistari, eta, egia esan, berehala dekretatu ahal izango luke, hala nahiko balu. Bitartean, Palestinaren aldeko hainbat kolektibok salatu dute Palestinaren aurkako genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei diru publikoa oparitzen jarraitzen duela Espainiako Gobernuak, bere hipokrisia eta SAPAren nazioarteko bezeroekiko gardentasun falta erakutsiz.