argia.eus
INPRIMATU
SAPAk AEBetako armadaren 7.000 tankeren ekoizpenean hartuko du parte
  • AEBetako armadak SAPA Placencia, Aperribay familiaren enpresa, aukeratu du 7.000 tankeren transmisio-sistema hornitzeko. Programa berri horrek 5.000 milioi eurotik gorako diru sarrerak ekarriko dizkio hamabost urteko epean. Borrokarako ibilgailuen flota berritzeko ekoizpena 2028rako aurreikusita dagoen arren, lehen unitateak jada jasotzen ari da AEBetako armada une honetan.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 10
SAPAk ekoitzitako blindatua

Aperribay familiaren SAPA Placencia enpresa aukeratu du AEBetako armadak euren 7.000 tankeren transmisio-sistemak produzitzeko. Andoainen egoitza duen enpresak Trumpen administrazioaren “Next Gen” programan parte hartuko du. Horren bitartez, 15 urtetan 5.100 milioi euro inguruko diru sarrerak izango ditu. La Vanguardiak aurreratu duenez, ekoizpena 2028rako aurreikusita dagoen arren, une honetan lehen unitateak jada jasotzen ari da AEBetako armada.

Akordio berriarekin diru sarrerak nabarmen igoko ditu SAPAk. Merkatu iturrien arabera, iaz 75 milioi euroko mozkinak izan zituzten. Orain, kontratu berriarekin, 2040 bitartean 5.000 milioi eurotik gora jasoko ditu bi fasetan. Lehenengoan, SAPAk AEBetako armadarako 4.000 blindaturen fabrikazioan parte hartuko du. Ondoren, beste 3.000 esportatzeko ekoiztuko dira. SAPAk uko egin dio informazio horri buruzko iruzkinak egiteari, baina General Dynamicsen –sektore aeroespazialeko eta militarreko enpresen jabe diren estatubatuar enpresen konglomeratua– ohar batek esleipena berretsi du, La Vanguardiak jakinarazi bezala. Produkzioan Alemaniako MTU eta AEBetako Caterpillar enpresekin lankidetzan jardungo du, eta horiekin aliantza estrategikoak sinatu ditu enpresa gipuzkoarrak.

SAPAk Amerikako Estatu Batuekin duen harremana ez da  berria. Raül Blanco, estrategia zuzendari exekutiboak, 1980ko hamarkadan Espainiako Estatua NATOn sartu zenetik, AEBetako armadarekin lanean dihardu. Azken 20 urteetan, Aperribay familiaren enpresak 17 programatan parte hartu du, bai AEBetan eta Espainiako Estatuan. Gainera, 2026tik aurrera Europan hedatzea aurreikusten dute. Izan ere, akordio berriak ditu Europako hainbat herrialderekin Marte (Main Armored Tank of Europe) proiektuari esker. Proiektu horretan SAPA mugikortasun-programaren buru da, eta, beraz, bera arduratuko da Europako Batzordeak ekoitzi nahi dituen blindatuaren transmisioak garatzeaz.

Modu honetan, munduko gastu militar handiena duen herrialdea hornituko du SAPAk. Quincy institutuak zabaldutako txosten baten arabera, Ameriketako Estatu Batuek 21.700 milioi dolarretik gorako laguntza militarra eman dio Israeli, 2023ko urriaren 7tik. Kopuru horretatik 17.900 milioi Joe Biden presidente ohiaren administrazioak esleitu zituen, eta Donald Trump egungo agintariak, berriz, 3.800 milioi dolarreko gehigarria onartu zuen. Txostenak nabarmentzen duenez, 2023ko abenduan Bidenek presidentearen larrialdi-baimena erabili zuen, legeak berrikustea saihestu eta 254 milioi dolar inguruko tankeen eta jaurtigaien salmenta errazteko.