Santiago Arrospide Sarasolak 70 urte ditu eta 31 egin ditu kartzelan: 13 Frantziako Estatuan eta estradizio baten ondorioz, beste 18 Espainiakoan. Abuztuaren 5ean aske geratuko dela zabaldu du hainbat hedabidek.
Lasarten jaioa, 1974an sartu zen ETAn. Bereziak komandoko kide izan zen eta zuzendaritzan aritu zen 1980ko hamarkadan. Angelun atxilotu zuten, 1987an. Besteak beste, Hipercor-eko atentatu famatuan parte hartu izana leporatzen zaio.
Jesus Mari Lopez, aske
Bestalde, Jesus Mari Lopez euskal presoa aske geratu da, kartzelan hogei urte igaro ostean. Donostiarrak 1992an ihes egin zuen Euskal Herritik, eta 1998an Mexikotik kanporatu zuten, ez zuelako han bizitzeko baimenik. Espainiara iristean, atxilotu egin zuen Guardia Zibilak.