Santiago Alba Rico: "Arabiar munduaz genuen irudia kolokan dago"

  • Filosofoa, idazlea eta ezkertiarra dugu Santiago Alba Rico (Madril, 1960). Badira hogei urte herrialde arabiarretan –Egipton eta Tunisian– bizi dela. Bertako matxinadez egindako hainbat hausnarketa jaso ditugu elkarrizketa honetan. 


2011ko uztailaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Santiago Alba Rico

Arabiar matxinadek ba al dute ezer komunean?

Badira, Bahreinetik Mauritaniaraino, herri horiek guztiek konpartitzen dituzten osagaiak. Alde batetik, oso diktadura basatiak jasaten dituzte. Bestaldetik, biztanleria gaztea dute oso. Gazteenak, etorkizunik gabeko bizitzak eta miseriak kaltetuta, urteetan zehar erreprimitu eta umiliatuak izan ondoren, matxinatu egin dira diktaduren kontra. Nazionalak, sozialak eta demokratikoak dira matxinadak; hiru kontzeptuak elkarrekin lotuak dira. Bigarren independentzia baten aldeko taupadak dira: XX. mendeko bigarrengo zatian, uztarri kolonialetik askatu omen zituzten prozesuek lortu ez zuten benetako independentzia eskuratu nahi dute egun. Berez jaiotako matxinadak dira, eta azkar hedatu dira Tunisiatik beste herrialde arabiarretara: askotan, ahaztu egiten dugu arabiarrek duten elkartasun organikoa oso indartsua dela.

Horrenbeste urtetako diktaduren ostean, bada herri horietan antolatuta dagoen mugimendu edota alderdirik?

Ezkerra txikitua, deuseztatua eta sistematikoki erreprimitua izan da. Hala ere, Tunisia edota Egipto bezalako herrietan, klandestinitatean lan egiten segitu du. Dena dela, indar politiko horiek guztiak, baita islamistak ere, matxinadek ezustean harrapatu dituzte. Hasieran, matxinaden atzetik joan ziren eta, aurrerago, matxinoek hartutako eremu fisikoak –Tunisiako kasbah, Kairoko Tahir plaza– baliatu dituzte gazteak politikoki hezteko. Gertaera hauek elkarlanean aritzeko itzelezko aukera sortu dute. Arabiar mundua lozorroan edota muturreko islamismoak menperatuta zegoela pentsatzen zuen ezker eurozentrikoaren aurrean, hara non agertzen zaizkigun guztiz demokratikoak diren matxinadak, islamismoa jokoz kanpo utziaz. Muturreko islamismoak ezaugarri epelak eta demokratikoak hartu behar izan ditu. Orain arte arabiar munduaz genuen irudia kolokan dago.

Diktadura horiek dituzten baliabide errepresiboak kontuan hartuta, irabazterik al dute matxinoek?

Inork ez zituen espero mugimendu hauek. Ezta oraindik Bahreingo edo Yemengo diktadoreak sostengatzen dituzten potentzia handiek ere. Egun, eskua sartzeari sekula utzi ez dioten potentziak altxamenduak indargabetzeko ahaleginetan ari dira. Leku batzuetan, indar militarra erabiltzen ari dira era paradoxikoan: Libiako matxinoei laguntza ematea, matxinadak deuseztatzeko zein Tunisia eta Egiptori arazoak sortzeko modurik onena da. Afrikako iparraldean Mendebaldeak dituen interesak indartsuak dira oso. Europar Batasunak eta AEBek ez dute nahi beren interesak arriskuan jar ditzakeen haustura subiranorik. Beste herrialde batzuetan, berriz, altxamenduen garapena oztopatu nahi dute sekulako errepresioa sostengatuz. Hala ere, Ekialde Hurbil berri baten atarian gaude. Egipton, oraindik gobernu militarra badute ere, Mubarak epaitzear daude eta Rafahko muga zabalduko dutela iragarri dute; bat egiten dute adiskidetze palestinarrarekin. Tunisian, lau hilabetetan, Espainian 35 urteko trantsizioan baino gauza gehiago lortu dute.

Tunisian ez bezala, gerra dugu Libian.

Libiakoa ondo kontatzeko beharra dago. Otsailaren 14an, Tunisiakoak bezalako protestaldiak hasi ziren, gazteek gidatuta. 17an, Bengassin, sarraskia izan zen; hainbat hedabidek airetik egina zela esan bazuen ere, Gaddafiren miliziarrek egin zuten erasoa. Zenbait militarrek populazioa babestea erabaki zuten, manifestariei kalashnikov eta obus zaharkituak emanez, abantaila gutxi da hori, ondo armatuak dauden milizien kontra. Bestalde, hor daude Gaddafik esandakoak: Tunisiari eta Egiptori leporatu zien gazteak kalera “drogatzera” irten araztea. Tunisiaren aurkako gerra ere iragarri zuen, oraindik abian dagoena –mugako postuak bonbardatzen ari dira–. Urtarrilaren 14an, Ben Ali kargutik bota zuten arren, Gaddafik bera sostengatzen segitu zuen, esanez tunisiarrek izan zezaketen agintaririk onena zela eta miliziak hara bidaliko zituela mehatxu eginez. Estatu hauen aldea petrolioa da: Libia petrolio eta gas hornitzaile ezinbestekoa da; Europak ezin zuen onartu hornikuntza etetea, eta Sarkozyk zirikatuta, erreboltarien aldeko jarrera hartu zuen. Baina egoera militarrak bira eman zuenean, jarreraz aldatzeko beranduegi zen, matxinoak sostengatu behar zituzten nola hala, eta tartean NATO sartu zuten. Zoritxarreko erabakia izan da: libiarrentzat, arabiar matxinadentzat eta erreboltarentzat berarentzat ere. Gaddafirekin negoziatzeko arazorik ez du Europak –Yemengo edota Bahreingo diktadoreak sostengatzen dituen horrek–, baina Tunisian eta Egipton gertatutakoak ikusita, ustezko diskurtso demokratikoarekin jarraitu behar izan du.

Zein da Israelen rola?

Iritzi publikotik at geratu dela badirudi ere, arabiar munduan gertatzen den orok eragina dauka Palestinako gatazkan, eta gertaera guztien atzean Israelen indarra dago. Israel, egun, matxinadek ikaratuta dago, eta haiek deuseztatzeko baliabide guztiak erabiltzen ari da. Batzuetan zuzenean eta bestetan aliatuen bidez. Etsaiak diren arren, argi utzi du Siriako El Assaden erregimena dela izan dezakeen aliaturik onena. Ez du ezer egin erregimen hori aldatzeko; alderantziz, ezkutuan sostengatzen du. Egipto dagoeneko ez da aurreko aliatu bera, egungo gobernuak bat egin behar baitu herritarren zenbait eskaerarekin. Egipto da Israelen gas hornitzaile nagusia –kontratu lotsagarriei esker–. Aldiz, El Assad, Israelen aurrean jarrera gogorragoa duten herritarrek mehatxatuta dago. Izan ere, El Assadek Israelgo mugak zaindu baino ez du egin, sekula ez du Golan zinez eskatu. Jarrera epel hau siriatarren egonezinaren iturrietako bat da. Oso momentu interesgarria da, eta Israelen ideologia zein historia kontuan izanik, batek daki honen erantzuna zein izango den.

Eta Palestinan nola eragin du horrek guztiak?

Fatahren eta Hamasen arteko adiskidetzea matxinaden ondorio zuzena da. Egoera horretan, Israelek kontrairaultza elikatzea normala da. Ikusi beharko da AEBek hartzen duten jarrera: azaleko aldaketak onartu ditzakete, publikoki behintzat, herri mugimenduek presionatuta baitaude. Baina, arabiar munduan egon daitekeen edozein demokrazia mota eta Israelgo Estatua ez dira bateragarriak.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude