Santa Ageda ospatu dugu guk eta haiek Yassin martiria


2004ko apirilaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:00

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Martirioa da sinestunek zanpaketari, politikari mertzenarioei eta hauen praktika blasfemoei ematen dieten erantzuna. Sineskabeen aurrean makurtzeko partez, martiriak fedea eraso guztien kontra defenditzen du, baita biziarekin ordainduko badu ere. Baina agintariek ere manipula dezakete martiria. Martirioaren indarrari buruzko artikulu interesgarri bat idatzi du Cristina Odonek. Britainia Handiko -eta Internet bidez mundu osoko- ezkerraren erreferentzietako bat den New Statesman aldizkarian plazaratu du bere azterketa Odonek, eta Londresko musulmanen artean gai hau nola bizi den ikustetik abiatu da. Londres mendebaldeko meskitara joan da: hemen eguneroko bost otoitzak egitera astegunetan dozena bat fidel inguru bilduko dira, baina ostiraleko errezoetan lekuak gainezka egiten du, garajea ere gizon eta mutikoz betetzeraino. "Gizonak aurrera eta atzera mugitzen diren bitartean, bozgorailuak imanaren otoitza ozen hedatzen du: `Alak aukera nazala profeta eta martirien arterako, haiek bezala ni ere bere mesedez hornitzeko'. Erritoak -gizon eta emakumeek Londresen bezala Zisjordanian errepikatzen dutenak- gogorarazten die musulmanei martirioa sakratua dela, gizakiaren eta gizartearen bizitza morala berotu eta berritu dezakeen sakrifizio sakratua". Irudi eta idatzi askotan kontatu zaizkigu horrelako eszenak azken urteotan. Baina Cristina Odonek gogorarazi digu martiriaren funtzioa ez zuela Muhammadek asmatu. Martirioa hitza bera grekotik omen dator, eta bere esanahia "jokabide eredu" izateari lotua zegoen. "Shahada" hitza erabiltzen du Koranak eta Odonek galdeturik honela definitu dio Brighton-eko iman Abdul Jalil Sajidek: "Fedea defendituz hiltzen direnen ordain berezia". Horregatik gurtzen dute xiitek Hussein imana, Muhammad profetaren oinordekoa zena: Kerbalako batailan bera eta bere familiako 72 kide hil ziren 1.000 arerioren kontra borroka eginez. Haren oroimenak biltzen ditu Irakeko hiri horretara mundu osoko musulmanak. Iranen, aldiz, irailaren 25ean biltzen dira azken urteotan milaka bisitari 1980-88ko gerran hil zirenen hilobien inguruan. Erromesek lurrinez igurzten dituzte Husseinen aginte fedegabearen kontrako guduan hil zirenen hobiak. Sebastian bat bada zeruan... Urteotan komunikabideetan gehien azaldu diren martiriak Palestinakoak dira: haien irudiak ikusi ditugu poster, pegatina eta postaletan. Palestinarren etxeetako hormetan zabaldutako zapietan estanpatuta ikusi ditugu telebistan, edo mutikoen elastikoetan, gure haurrek bere futbol ekipoarenak eramaten dituzten gisa bertsuan. Duela gutxi Ahmed Yassin sartu da martirien artean. Yasser Arafat berak eman zion estatus hori -gerra santuan hil zutela, alegia- Hamaseko buruzagi espiritualari. Milaka herritarrek hartu zuten parte hiletan, eta manifestazioaren buru zihoazenek hau zioten megafoniatik: "Zein da gure helburua? Hiltzea. Zein da gure buruzagia? Sheikh Ahmed Yassin. Zein da gure profeta? Muhammad". Irudi horiek guztiek exotiko ziruditen mendebaldeko telebista eta egunkarietan. Martirioa musulmanek esklusiban landuko balute bezala. Baina gauzak horrela aurkeztea -dio Cristina Odonek- "hipokrisia da edo, gutxienez, ezjakinak izatea". Martiri musulmanen aurretik, horren berri ongi baikenekien kristauek bezala juduek. Ingelesa izaki, Odonek inguru anglosaxoiarekin lotutako martiriak ditu batik bat gogoan. Hala nola, 855. urtean vikingoen kontrako guduan geziz zaurituta hil zen Edmund saindua. Gugandik hurbil, adibideen zerrenda amaiezina litzateke. Frantziak bere mito nazionala Jeanne D'Arc du. Eta zer esan bere naziotasuna musulmanen kontrako guduan oinarritu duen Espainiaz. Kristauok kontaezin ahala martiri ditugu gure zerrendetan, eta euskaldunotara etorrita gure patroi gehienak dira fedegabeen aurrean tinko atxiki zuten gizon eta emakumeen ikurrak. Baionako San Leon, Bizkaiko Balentin Berriotxoa, solztizioarekin lotu dugun eromenez betetako San Juan -gogoratu bere burua plater batean ipinita-, jentilen geziz zauritu eta hildako San Sebastian, arrantzale guztiek ospatzen duten San Pedro... Gure bertsolariek ere Santa Ageda eskea birjintasuna eta fedea heriotzaraino defenditu zituen emakume haren bularren aipamenekin hasten dute. Martirioa hiru erlijio monoteisten muinean dago kokatuta. Tortura, presondegia eta heriotza bera, ondoren lortuko duen paradisuaren itxaropenez sufrituko ditu martiriak. Kosmogonia horietan, mundu honetako gure bidaia gauza laburra da, ondoren dagokigun eternitatearen ondoan. Hori sarritan entzuten dugu oraindik ere gure familiarteko eta lagunen hiletetan. "Zoriontsuak beren zuzentasunagatik pertsegituak direnak, berena baita zeruetako erreinua". Hori errepikatzen dute gaur ere apez kristauek, eta antzeko jardin zoragarria agintzen dute iman musulmanek. Mezu hau lehergailu indartsu bihur daiteke zenbait egoeratan: "zanpatua eta desegina dagoen jende artean indartzen bada", dio Odonek. Ipini martiri batzuk zure agendan Ez da kasualitatea Madrilgo atentatuen errebindikazioan idazleak arerioei "kruzadoak" deitzea. XII. eta XIII. mendeetako gurutzadetan, zaldun famatuen ondoan zihoazenak, gehienbat zer galdurik ez zuten herritarrak ziren, miseriarik beldurgarrienean bizi ziren morroiak. Horietako batean, gainera, milaka haurrez osatutako gurutzada bidali zuen Elizak Palestina konkistatzera, denak heriotzara edo esklabo izatera kondenatzen zituela jakinik. Baina harantz zihoazenek gozoagoa zuten agindutako paradisuaren itxaropena etxean zeukaten hondamendia baino. "Era berean, Gaza eta Zisjordanian, beren arropetan eskuko granadak gorde eta israeldarren kontrolak gainditzeko sakela ezkutuak josten dituztenek, sinesten dute martirioak promesa tentagarria eskaintzen duela, errefuxiatu zelaietatik kanpo bizitzekoa alegia; ez ur edangarririk eta ez elektrizitaterik ez duten eta etengabe erretiro-deietara kondenatutako kanpamenduetatik liberatuta". Ikerlaria ez da inuzentea, eta azpimarratzen du ideia horiek guztiak eskrupulo gutxi duten lider politikoek manejatzen dituztela beren agendaren arabera. Cristina Odonek era bateko zein besteko martiriak bultzatzen dituzten ideologo asko ikusten ditu gaur politikari kristau, judu eta musulmanen artean. "Beren sinesmena eta bizitzeko era defenditzeko erabakia harturik, fedegabeen kontrako beren gudua zuzena denaz konbentzituta, gizon eta emakume horiek sarri presio egiten diote berarekin ados ez denari beren helburuetara makur daitezen". Ez berak martiriora joanez, beste batzuk bidaliz baino. Egunotan, Nazaretheko Jesusen martirioaren inguruan antolatzen den parafernalia lotsagarri hori guztia ikusiko dugu gure kale posmodernoetan. Turismoa erakartzen omen du gainera. Ez gaude Gazatik hain urrun. Informazio gehiago: Hamas On Line, gune ofiziala Mariritzari buruzko doktrina islamikoa Islam On Linen Kruzadetaz Medieval Crusaders Haurren kruzada zer izan zen Martiri irlandesak marxistek aldarrikatuak

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Yasser Arafat
2016-03-15 | Axier Lopez
Palestinako Agintearen estrategia Israelen okupazioa iraunarazteko

Zisjordanian eta Gazan nolabaiteko gobernu autonomoaren funtzioak betetzeko asmoz jaio zen Palestinar Aginte Nazionala. Horrela jasota dago Osloko akordioetan, baina errealitatea guztiz bestelakoa da.


2014-12-22 | Axier Lopez
20 urtez negoziatzen palestinarrak okupatuta mantentzeko

Azken bi hamarkadetan, nazioarteko bitartekaritza medio, bake negoziaketa ugari abiatu dituzte Palestinako Aginte Nazionalaren eta Israelgo Gobernuaren artean. Gaur arteko emaitza bakarra izan da: Israelen okupazioa betikotzea


2014-10-16 | Martxelo Diaz
Lider baten kontraesanak

Iasser Arafaten argazkia, bere zapiarekin, Palestina askatzeko borrokaren irudia izan zen urtetan. 1974an Nazio Batuen Asanblada Nagusian egin zuen hitzaldiak aldarrikapen hau munduko txoko guztietara eraman zuen. Esku batean pistola zuen, bestean olibondo adaxka bat.


2013-11-07 | ARGIA
Baieztatuta: Arafat pozoituta hil zuten

Yasser Arafat buruzagi palestinarra polonioz pozoituta hil zen haren gorpua aztertu duen forentse talde batek jakitera eman duenez.


Arafat pozoituta hil zutela diote gorpuaren azterketaren lehen frogek

Yasser Arafat pozoituta hil zutela pentsatzeko arrazoiak hazi egin dira The Lancet aldizkari medikoak argitaratutako artikulu baten ondorioz.


Eguneraketa berriak daude