Bost gizon dira, 2016ko Sanferminetan emakume bat taldean bortxatzeagatik akusatuak.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia publikoki irakurriko du 2. aretoko presidente Jose Francisco Cobok, interes mediatiko handi baten erdian. Jakinaraziko du akusatuak zigortuko dituzten ala ez, eta zein delitu egotziko dizkieten. Baita epaileek erabakia aho batez hartu duten ala ez.
Epaiari helegitea jar dakiokete, Nafarroako Auzitegi Nagusian lehenik, eta Auzitegi Gorenean gero.
25 urte arteko zigor eskaerak
Sevillakoak (Espainia) dira bost gizonezkoak. Sexu eraso delituez gain, indarkeriaz egindako lapurreta delituak ere egotzi dizkiete. Fiskaltzak 22 urte eta 10 hilabeteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuetako bakoitzarentzat, akusazio partikularrak 24 urtekoa eta herri akusazioek 25 urtekoa. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen.
Bost auzipetuetako hiru Iruñeko kartzelan daude, eta beste biak –guardia zibil bat eta militar bat–, Madrilgo espetxe militar batean. 21 hilabete daramate preso.