Bortxaketa iruditan jasotzeagatik, intimitatearen aurkako delitua leporatu diete bost erasotzaileetako biri. Epaileak absolbitu egin ditu beste hirurak.
2016ko Sanferminetan emakume bat taldean bortxatzeagatik hamabost urteko espetxe zigorra ezarri zien bost gizoni Espainiako Auzitegi Gorenak. Auzibideak, baina, beste epai berri bat ekarri du: Nafarroako Auzitegiak hiru urte eta hiru hilabeteko kartzela zigor erantsia ezarri die bortxatzaileetako biri —Antonio Manuel Guerrerori eta Alfonso Cabezuelori—, baita 5.670 euroko isuna ere.
Zazpi bideo grabatu eta bi argazki atera zituzten emakumea bortxatu bitartean. Bortxaketaren irudiak jasotzeagatik, intimitatearen aurkako delitua leporatu diete. Herri akusazioek eta akusazio partikularrak eginiko zigor eskaera kontutan hartu dute epaia ematerako orduan, eta delitu horrengatik eskatu daitekeen zigorrik handiena ezarri.
Akusatuek helegitea jarri ahalko dute. Bortxaketan parte hartu zuten gainontzeko bost gizonak absolbitu egin ditu epaileak, honen iritzitan ezin baitzaie intimitatearen aurkako deliturik leporatu.