argia.eus
INPRIMATU
Sanferminak “nahi bezala gozatzeko eskubidea” aldarrikatu dute Iruñean, ostiraleko sexu erasoa eta gero
  • Mugimendu Feministak deituta, ehunka herritar, ordezkari politiko eta jaietako talde bildu dira uztailaren 13an Iruñeko Gaztelu Plazan. Intentsitate handiko eraso baten eta intentsitate txikiko beste hainbat erasoren testuinguruan egin dute elkarretaratzea. Eraso sexistarik gabeko jaietan gozatzeko eskubidea aldarrikatu dute. Baionako jaietan, indarkeria sexistarako prebentzio guneari eraso egin zioten ostiralean.

ARGIA @argia 2025eko uztailaren 14a
Gaztelu Plaza jendez beteta sexu erasoa salatzen. EH BIldu.

Ehunka lagunek Gaztelu Plaza bete dute. Mugimendu Feministak egin du deialdia eta han bildu dira herritarrak, ordezkari politikoak, peñak eta jaietako beste hainbat talde.

Emakumeek sanferminak “nahieran gozatzeko eskubidea” aldarrikatu dute, “indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea dugun bezala”. Gogorarazi dute emakumeek sexu indarkeria jai egunetan soilik ez dutela pairatzen, baizik eta egunero gertatzen dela etxeetan, lantokietan, eskoletan eta kuadrilletan. Gizonei zuzendu zaie agiria irakurri duen emakumea: “Zuk egiten duzun moduan egin nahi dugu, beldurrik gabe, epairik gabe, mugarik gabe. Aske izan nahi dugu. Ez zaitugu erasotzen, ez zaitugu epaitzen, bizitzen uzten dizugu”. Gizonei eskatu diete “horrela jokatzen ikasteko”, eta bestela “etxean geratzeko”. Eraso matxista orori erantzungo dietela gehitu du.

Azpimarratu du biztanleriaren erdia direla emakumeak, zaintza sistemari eusten diotela, eta produzitzen eta erreproduzitzen dutela. Nekatuta daudela epaituak, bortxatuak, gutxietsiak, gutxi ordainduak, jazartuak, eta esplotatuak izateaz, eta ez diotela borrokatzeari utziko.

Administrazio publikoei baliabide espezializatuak eta behar adinako aurrekontuak eskatu dizkiete, emakumeei laguntzeko eta zerbitzua emateko. Iruñeko Udalak elkarretaratzea baino ordu batzuk lehenago adierazpen instituzionala onartu du, eta intentsitate handiko sexu erasoa “irmoki” gaitzetsi. Emakumeari eta haren ingurukoei babesa eta elkartasuna adierazi die, baita haren eskubideak eta intimitatea gordetzeko errespetua ere.

Uztailaren 11ko erasoa ikertzen ari da Udaltzaingoa

Emakume batek intentsitate handiko sexu erasoa salatu zuen uztailaren 11n, ostiral goizaldean, Iruñeko etxebizitza batean gertatutakoa. Oraingoz ez dago atxiloturik. Segurtasun indarrek jakinarazi dutenez, zortzi gizon atxilotu dituzte sanferminetan intentsitate baxuko erasoak egiteagatik. Uztailaren 5ean, berriz, erasotzaile bat kartzelaratu zuten 10 urteko neskato bat barraka gunetik eramaten saiatzeagatik eta 16 urteko bati ukituak egiteagatik.

Baionan, indarkeria sexistarako prebentzio guneari erasoa

Uztailaren 11n indarkeria sexistarako prebentzio guneari eraso egin zioten Baionan. Herriko Etxearen babesarekin, hainbat kolektibok kudeatzen dute Maina gunea Baionako jaietan, indarkeria matxistatik babesteko baliabideak eta informazioa eskaintzeko. Profesionalek eta boluntarioek egiten dute lan. Naiz hedabideak jaso duenez, ezezagun batzuek herritarrentzako prestatuta zeukaten materiala lurrera bota zuten. Uztailaren 12an udalak, 2032 kolektiboak eta elkarte feministek elkarretaratzea deitu zuten erasoa gaitzesteko.

Baionan indarkeria matxistaren prebentzio guneari egin diote eraso. Baionako Herriko Etxea