Asteartean eginiko bozketan, enpresako zuzendaritzak eginiko proposamenari uko egin eta grebari eustea erabaki dute Iruñeko garraio publikoko autobus gidariek. Iruñerriko Mankomunitateak sanferminetan %70ko gutxieneko zerbitzuak eskaintzea proposatu du.
Egun erabakigarria zuten asteartea billabesetako –Iruñeko eta Iruñerriko garraio publikoko autobusak– gidariek, aurreikusita baitzuten greba mugagabeari ekitea lan hitzarmena berritzearen harira abiatuko borrokan. TCC Moventis enpresako zuzendaritzak langile batzordeari helarazitako azken proposamena eztabaidatzeko, ordea, egun bat atzeratu zuten grebaren hasiera, eta autobus publikoen zerbitzua osatzen duten 412 langileek bozkatu zuten eskaintza: 264k egin zuten alde eta 148k aurka. Hortaz, asteazkenetik hasita greba mugagabeari ekin diote autobus gidariek, sanferminak hasteko bost egun falta direlarik.
Lanuzteak sanferminetan izango duen eraginak behartuta, Iruñerriko Mankomunitateak autobus publikoen gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu: sanferminak hasi bitarte, puntako orduetan %60koak izango dira; behin sanferminak hasita, berriz, puntako orduetan %70koak izatea proposatu dute. Enpresa batzordeko iturriek Orain hedabide digitalari jakinarazi diotenez, Iruñeko eta Iruñerriko garraio publikoko autobus gidarien artean greba erabateko jarraipena izaten ari da, eta enpresa gutxieneko zerbitzuak betetzen ari da.
Ez da lehen aldia billabesetako langileek lanuztera edo protestara jotzen dutela. Izan ere, autobus gidariek urte eta erdi daramate enpresarekin duten lan hitzarmena berritzeko borrokan. Horren aurrean, TCC Moventiseko zuzendaritzak proposatu die soldatak KPI Kontsumo Prezioaren Indizearen arabera ezartzea, baina langileek hori "atzerapausotzat" hartu dute, aurreko lan hitzarmenean jada jasota baitzegoen.