Zerbitzu minimoek eragin handia izan dute Iruñerrian jaietan. Negoziazioan aritu dira, baina ez dute akordiorik erdietsi. Normaltasunez jardungo dute udan, eta irailean berrartuko dituzte lanuzteak.
Normaltasunera itzuli dira Iruñerriko autobusak, billabesak. Zerbitzu minimoetan egon dira uztailaren 2az geroztik, greba mugagabera deitu zuelako langile batzordeak, eta horrek ageriko eragina izan du sanfermin jaietan. Orain, behin jaiak amaituta, langileek erabaki dute normaltasunera itzultzea. Baina batzordeak jakinarazi duenez, baliteke lanuzterik egitea udan, edo "ekintza konkreturen bat". Euskalerria Irratiak jaso duenaren arabera, uztailaren 24an elkarretaratzea eginen dute mankomunitatearen egoitzaren parean, 10:00etan, "lan baldintza duinen eta kalitatezko zerbitzuaren alde" mobilizatzeko prest daudela oroitarazteko eta borroka ez ahazteko.
Irailean berrekingo diete mobilizazioei, behin udako oporrak igarota, "are indar handiagoz". Ez dute zehaztu orain arteko eran egingo diren, edota lanuzte puntualak izango diren.
Batzordea "pozik" agertu da langileen inplikazioarekin, "indarrez" nabari direlako. Astelehen honetan, gehiengo zabalak erabaki du greba momentuz gelditzea; LAB sindikatua bakarrik geratu da grebarekin segitzeko jarrerarekin –laugarren indarra da ordezkari sindikaletan–.