Espainiako presidente Pedro Sánchezek Madrilgo kongresuan aurkeztu du ustelkeriaren kontra bere plana, Santos Cerdán auziaren ondorioz oposizioak estu hartu ondoren. Bost atal nagusitan banatu du eta ELGA erakundeak gainbegiratuko luke kanpotik, betetzen ote den. "Ustelkeria krisi hau gaindituko dugu", ziurtatu du amaieran.
Azken asteetan izandako ustelkeria kasuek setiaturik, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du asteazken honetan Espainiako Kongresuan, Madrilen, eta ustelkeriaren kontrako plan bat martxan jarriko duela iragarri du.
Bost atal eta hamabost neurritan banatu du Sánchezek Ustelkeriaren Aurkako Estatu Plana deiturikoa. Alde batetik, ustelkeriaren kontrako erakunde baten sorrera iragarri du, Integritate Publikoaren Agentzia, eta bere egitekoa izango da praktika ustelak pertsegitzeaz gain, haien prebentzioa eta gainbegiratzea sustatzea.
Mandatari sozialistak azaldu duenez, Next Generation funtsen erabilera zuzena egiten dela gainbegiratzeko metodologia bera ezarriko dute estatu administrazioko erakunde guztietan, eta hori Adimen Artifizialaren bidez egingo dute, enpresen arteko izen eta kontratu aldaketekin ez dadin iruzurrik egin.
'Next Generation' funtsekin egiten den bezala, diru publikoaren erabilera gainbegiratzeko metodologia bat ezarriko dute estatu-administrazioko erakunde guztietan, eta hori Adimen Artifizialaren bidez egingo dute
Gainera, zigor eta kontrol handiagoak egongo direla ziurtatu du, bai iruzurra egiten duten enpresentzat, baita jarduera ilegalak egiten dituzten alderdi politikoentzat ere: "Koskada bakoitzaren atzean, jasotzen duena dagoelako, baina ematen duena ere bai", azaldu du. Horretarako, "estatuaren ikertzeko gaitasuna" handitu nahi du Sánchezen gobernuak, egitura judizialak aldatuta.
Bestetik, planak aurreikusten du iruzurgileek lapurturiko diru publikoa eta ondarea itzularazteko baliabideak handitzea, aktiboak konfiskatzeko mekanismo berriekin.
Baina azken zatia jo du garrantzitsuenetakotzat Espainiako presidenteak, eta esan du ustelkeriaren aurrean agintariek zein herritarrek aldaketa "kulturala" izatera bideraturik dagoela: ikerketa demoskopikoak egingo dituzte, politikoki aztertzeko ustelkeriari loturiko zein joera dauden, eta sentsibilizazio kanpainak eramango dituzte aurrera.
Plana Espainiako Gobernuaren webgunean jarri dute zintzilik eta Sánchezek azaldu du Ekonomia Lankidetza Garapeneko Antolakundearekin (ELGA) hitzartu dutela erakunde horrek gainbegiratuko duela, 12 eta 24 hilabeteren buruan betetzen den hala ez.
"Ez gara ezkutatzen"
Santos Cerdán eta Koldo auzien ondorioz Alderdi Popularreko oposizioak estu hartu du azken asteetan Sánchez eta bere dimisioa behin eta berriz eskatu du. Aitortu du hasiera batean buruan izan zuela dimititzeko aukera, baina uko egin dio halakorik egiteari: "Konfiantza berreskuratzen da ekintzekin eta koherentziarekin, ez albo batera eginda", azaldu du.
Hala, Sánchezek ziurtatu du "ustelkeria krisia gaindituko" dutela "azken zazpi urtetan beste hainbat erronkekin egin dugun bezala".
"Arazoen aurrean ez gara ezkutatzen, arazoen aurrean progresistek erantzun egiten dugu eta konponbideak eskaintzen ditugu erronka horiek gainditzeko"
(Pedro Sánchez, Espainiako presidentea)
"Arazoen aurrean ez gara ezkutatzen, arazoen aurrean progresistek erantzun egiten dugu eta konponbideak eskaintzen ditugu erronka horiek gainditzeko", esan du txalo artean. "Errazena amore ematea litzateke, baina guk ez dugu errazena egiten, egokia dena baizik, horregatik aurrera egingo dugu".
Oposizioa gogor, gobernukideak adi
Espero bezala, oposizioko ordezkariek gogor egin diote Sánchezi. PPko buru Alberto Nuñez Feijóok esan du Sánchez ez dela "ezer konpontzera etorri" eta ustelkeriaren atzean dauden pertsonekin lotu du. Gainera, 50 galdera zehatz eman dizkio Francina Armengol Espainiako Kongresuko presidenteari, Sánchezek erantzun ditzan.
"Gobernu hau, mundu ilun batean dauden argi bakarretako bat bihurtu da"
(Yolanda Díaz, Sumar)
Santiago Abascal Vox talde ultraeskuindarreko liderrak, bere aldetik, aukera baliatu du migratzaileen deportazio masiboen inguruko mezu arrazista berriz ere akuilatzeko.
Yolanda Díaz Sumarreko kideak ziurtatu du ez duela Sánchezen gobernua erortzen utziko, "mundu ilun batean dauden argi bakarretako bat" delako, baina ohartarazi du "biraketa soziala" egitea ezinbestekoa izango dela. Bestalde, Díazek iragarri du hurrengo Kontseilu Ministroan gurasotasun baimenak hogei astetara handitzeko proposamena eramango duela eta sozialistek onartzea espero duela.
EH Bildu: "Oso exijenteak izango gara"
Mertxe Aizpurua EH Bilduko eleduna ere kritiko azaldu da Sánchezen kudeaketarekin eta "oso exijenteak" izango direla azaldu du: "Estatuko ezker indarrak euren arduraren jabe egin behar dira, eta gu prest gaude laguntzeko trantsizio demokratiko horretan, baina zuek errespetu bera erakutsi behar duzue gure ideiekiko", azaldu die sozialistei.
"Estatuko ezker indarrak euren arduraren jabe egin behar dira, eta gu prest gaude laguntzeko trantsizio demokratiko horretan, baina zuek errespetu bera erakutsi behar duzue gure ideiekiko"
(Mertxe Aizpurua, EH Bildu)
Maribel Vaquero EAJko taldeko ordezkariak kargu hartu dio Sánchezi, ez delako lehenago kongresuan agertu iruzur kasuen aurrean, eta "gardentasuna" eta "eredugarritasuna" eskatu dio: "Izan ere, gauza bat dira diskurtsoak eta bestea ekintzak", argitu du.