argia.eus
INPRIMATU
Sánchezen NATOko tratuak hautsak harrotu ditu zenbait estatu kideren artean
  • Asteazkenean bozkatuko dute NATOra bideratutako diru kopurua, eta Pedro Sánchez Espainiako presidenteak kuoten igoeran lortutako salbuespenak haserrea piztu du AEBetako eta Europako zenbait herrialdetako gobernuetan.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko ekainaren 25
Pedro Sanchez NATOko prentsaurreko batean. NATO (CC BY-NC-ND 2.0)

Asteazkenean erabakiko dute NATOko estatu kideek BPGaren %5 gastu militarrera bideratuko duten edo ez. Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak dagoeneko aurreratu du ez duela ehuneko hori onartuko, eta Mark Rutte NATOko idazkari orokorrarekin izandako gutun trukaketetan bi mezu nabarmendu dira: Sánchezek esan du NATOk onartu diola %2,1 bideratzea gastu militarrera, Ruttek, aldiz, erantzun du gutxienez %3,5 izan beharko dela. Bien bitartean, NATOko kide diren zenbait estatutako buruzagiek salatu dute Sánchezi onartutako salbuespena “bidegabea” dela, eta “batasuna” behar dutela estatuek.

“NATOk arazo bat du Espainiarekin”, adierazi zuen asteartean Donald Trump AEBetako presidenteak. Sánchezen erabakiaren aurka agertu da presidente estatubatuarra, eta gogorarazi du gaur egun ere Espainia dela NATOra bere BPGaren ehuneko txikiena bideratzen duen estatuetako bat. Trumpen iritzi bera adierazi dute Europako zenbait estatutako buruzagiek ere. Suediako lehen ministro Ulf Kristersson-ek, esaterako, Sánchezek salbuespena izatea kritikatu du, eta bere bide bera hartu du Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak; azken horrek gehitu du Sánchezen eskaerak lotura duela Errusiatik urrun egotearekin.

Giro nahasian hartuko da, beraz, asteazkeneko erabakia. Azken astean, Pedro Sánchezek defendatu du BPGaren %2,1 gastu militarrera bideratuta nahikoa dela NATOk eskatzen dituen konpromisoak betetzeko, eta horixe adierazi zuen prentsa aurrean. Ondorio hori Rutterekin izandako zenbait elkarrizketa eta gutunetik atera zuen Espainiako Gobernuak, NATOko idazkari nagusiak “malgutasuna” onartu baitzion Sánchezi. Hala ere, Sánchezen adierazpenak ukatu zituen gerora Ruttek, eta esan ez dagoela “salbuespenik”.

“Malgutasun” horren atzean egon daiteke beto eskubidea. Izan ere, NATOko goi bileretan erabakiak ez dira gehiengoz hartzen, aho batez baizik. Hau da, estatu kide guztiek egon behar dute ados erabakiarekin, edonork baitu erabaki bat blokeatzeko eskumena. Hori horrela, Sánchezek eta Ruttek elkarri bidalitako gutunetan puntu hori kontuan izan dute. Ruttek bidalitako proposamenean idazkera “anbiguoa” dela adierazi dute zenbait nazioarteko analistak, bertan adierazten baitu Espainiak gastu militar txikiagoa izan dezakeela, helburu eta betebeharrak betetzen baditu. Bueltan, Sánchezek erantzun zion kasu horretan ez duela erabakirik blokeatuko.

AEBek bultzatuta

NATOko estatu kideek, orain arte, bere BPGaren %2 bideratu behar zuten gastu militarrera, horrela bozkatu zuten 2014an. Gaur egun, kide diren 23 estatuk betetzen dute erabaki hori: Frantziako Estatuak %2,1 bideratzen du, Espainiakoak, aldiz, %1,3. Hala ere, kopuru hori ez da beti horrela izan: 2022an igo zuten estatu kide gehienek beren kuota, ordura arte aipatutako helburuaren azpitik baitzuten gehienek. Ez zen kasualitatea izan: Ukrainako gerraren ondorioz izan zen.

Beste aldaketa bat izan zen iaz, 2024an: Donald Trumpek berriz irabazi zituen AEBetako hauteskundeak. Eskari garbi batekin heldu zen berriz ere Etxe Zurira: NATOko estatu kideek gastu militarra %5era igotzea. Horixe erabakiko da asteazkenean.

Gastu militarra igotzeari ez

Bien bitartean, NATOn gastu militarraren nondik norakoak erabakitzen ari diren artean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan kontzentrazioak deitu dituzte gastu militarra igotzearen aurka. Goizeko 11:30etan izan da Bilbokoa, Isozakiko eskaileretan. Arratsaldez izango dira gainontzeko hiruak: 18:00etan Iruñeko Udaletxe Plazan, eta 19:00etan Donostiako Boulevardean eta Gasteizko Loma Jeneralaren plazan. Kontzentrazioa Gerrarik Ez, Euskal Herriko eskubide sozialen karta, Ongi etorri errefuxiatuak eta Gaurgeroa elkarteek deitu dute.