argia.eus
INPRIMATU
NATOrekiko kompromisoak gastu militarra %5era igo gabe betetzea adostu duela iragarri du Sánchezek
  • Igandean iragarri du akordioa Pedro Sánchez Espainiako presidenteak. Espainiak gastu militarrera BPGaren %2,1 bideratuko duela ziurtatu du.

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 23a
Pedro Sánchez akordioa iragartzerakoan. La Moncloa

Trumpek eskatutako NATOko kideen gastu militarraren igoera Espainiako Estatuan ez dela gertatuko ziurtatu du Sánchezek, galderarik gabeko agerraldian. Azaldu duenez, negoziazio baten ostean Espainiako Gobernuak eta NATOk adostu dute aliantzak eskatzen dituen konpromisoak betetzea, baina hori gastuaren ehuneko jakin batetik deslotuta: “NATOren lan metodoa gaitasun militarren ekarpenean oinarritu da, eta ez BPGren ehunekoetan”, adierazi du Espainiako presidenteak. 

Sánchezek, edonola ere, gobernuak gastu militarra bikoiztu baino gehiago egingo duela esan du: 2018ko BPGaren %0,9ko gastutik, 2025. urte amaierarako %2,1era.

"Malgutasuna"

"Zure gutuna ikusita, baieztatu nahi dut NATOren hurrengo goi-bilerarako akordioak beharrezko malgutasuna emango diola Espainiari bere ibilbide propioa zehazteko", adierazi du Mark Rutte NATOko buruak. Hurrengo egunotan Hagan NATOk goi-bilera egingo du, albiste agentziek zabaldutakoaren arabera bertan onartuko den adierazpena hasieran adierazitakoa baino irekiagoa geratuko da, eta partaide guztiak ez dira defentsa gastua % 5era igotzera behartuta egongo.