Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, baina azken honek jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela Iberiar penintsula osoko argindarra joatearen arrazoia. EAJko Aitor Estebanek lasaitzeko deia egin du, eta EH Bilduko Arnaldo Otegik adierazi du "negozioa baizik bilatzen ez duten enpresak" energia arlotik baztertu behar direla. Itzalaldian oxigenoterapia behar zuen emakume bat hil zen Basauriko zahar-etxe batean.
Iberiar penintsula osoko argindarra joatea eragin zuen itzalaldiaren biharamunean, instituzioen eta energia enpresen arteko tirabirak eta akusazioak dira nagusi: asteartean kazetarien aurrean eginiko agerraldi batean Espainiako presidente Pedro Sánchezek hornitzaile pribatuei eta Red Eléctrica de Españari (REE) –enpresa pribatua da, baina bost akziotik baten jabea da Espainiako Gobernua– egotzi die itzalaldiaren inguruko informazio gutxi eskaintzea, eta esan du ez dutela "inongo hipotesirik" baztertu, ezta itzalaldia eraso baten ondorio izatea ere.
REEko arduraduna den Beatriz Corredor elkarrizketatu du SER irratiak asteazkenean, eta jakinarazi du "gutxi gorabehera" aurkitu dutela itzalaldia eragin zuen arrazoia, baina datu gehiago ikuskatu beharko dituztela %100ean ziur izateko. Halere, azken egunetan aipatu diren hainbat hipotesi baztertu ditu, hala nola, energia berriztagarrien gehiegizko produkzioa: hain zuzen, itzalaldia energia berriztagarriekin lotzea ez dela "egokia" adierazi du Corredorrek, horiek "modu egonkor batean" jarduten baitute, segurtasun arazorik gabe.
Espainiako presidenteak energiaren enpresa hornitzaileak jo-puntuan jarri eta berehala iritsi da Iberdrolaren erantzuna, aurtengo lehen hiruhilekoa ebaluatzeko egin duten agerraldian. Hain zuzen, enpresa horretako presidente Ignacio Galánek esan du itzalaldiarengatik azalpenak eman beharko lituzkeen enpresa bakarra REE dela. Gainera, Galánek energia nuklearraren alde egin du, "sistema elektrikoa egonkortzeko soluzio merkeena" baita: "Halere, energia arloko politikak Espainiako Gobernuaren erantzukizunak dira, eta haien erabaki errespetatu behar ditugu".
Estebanek lasaitasunera egin du dei, eta Otegik alternatiba berrien beharra azpimarratu du
Itzalaldiaren biharamunean egin dituzte gertakariaren inguruko lehen adierazpenak Euskal Herriko bi alderdi politiko nagusienen arduradunek. Aitor Esteban EBB Euskadi Buru Batzarreko presidenteak adierazi du ez dela egokia Espainiako Gobernua eta hornitzaile elektrikoak seinalatzea itzalaldiaren erantzule gisa, eta "lasaitasuna" eskatu du: "Zer gertatu den jakin arte itxaron behar da, eta, ondoren, urratsak eman, berriro gerta ez dadin".
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere itzalaldiaren inguruan mintzatu da Herri Irratian, eta azaldu du energia ez dela utzi behar "enpresa handien diru-gosearen menpe", administrazio publikoaren kontrolpean baizik: "Alternatibak mahairatu behar dira, negozioa baizik bilatzen ez duten enpresa handiak alde batera utzita". Otegik gaineratu du energiaren arloan Euskal Herriak Espainiako eta Frantziako sareekiko duen mendekotasuna "izugarria" dela.
Oxigenoterapia behar zuen emakume bat hil zen Basauriko zahar-etxe batean
El Correo egunkariak argitaratu duenez, oxigenoterapia behar zuen egoiliar bat hil zen Basauriko zahar etxe batean asteleheneko itzalaldian. Hedabidearen arabera, zentro horrek oxigenoterapia artatzeko hiru ekipo ditu: bi sare elektrikora konektatuta daude, eta bestea eramangarria da. Bada, itzalaldian sare elektronikora konektatutako biak erabiliak izaten ari ziren, eta eramangarria egoera larrian zeuden bi egoiliarren artean partekatu behar izan zuten. Bizkaiko Foru Aldundiak oraindik ez du albistea baieztatu ala ezeztatu, eta Berria-ri azaldu dio itzalaldian Gizarte Ekintza Saila zahar-etxe gehienekin jarri zela harremanetan eta horietako batek ere ez zuela "intzidentzia larriren baten" berri eman.