Samir: "Rifekoa oinarrizko eskubideen aldeko protesta da"

  • Ezohiko oihuak entzuten dira Iruñeko Udal plazan. Sahararrak ote dira? Zein sinbolo dira horiek? Hurbildu eta Rifeko Errepublikako (1921-1926) bandera gorria ezagutu dut. Berebereen bandera hori-berdeak ere badituzte. Argi dago, Marokoko Rifeko berebereak dira eta hango herkideek bizi duten errepresioa salatzen ari dira 50en bat pertsona. “Atxilotuak askatu”, dio pankartak.


2017ko uztailaren 06an - 11:12
Udal plazan uztailaren 4an Nafarroako riftarrek egindako protesta bilkura. (Arg.: X. Letona)

Beren oinarrizko herritar eskubideen alde eta batez ere hobekuntza sozialen aldeko errebolta da. Iazko urrian hasi zen Al-Hoceima herrian, hondakinen bilketa egiten ari zen kamioi batek modu basatian harrapatu eta hil zuenean Mouxine Fikri arrantzale gaztea.

Bizi baldintza okerrek eraginda, txinparta hartatik sortu zen Hirak al-Xaabi mugimenduak gidatzen duen protesta. Maiatzaren amaieran atxilotu zuten mugimenduaren buruzagi Nasser Zafzafik eta hilabete hauetan 300dik gora atxilotu dituzte Marokoko poliziak eta armadak.

XX. Mende hasieran bizitako gerraren ondoren, eremu militarizatua da Rif-ekoa. 1958an eta 1959an riftarrek beste errebolta bat egin zuten Marokoko botere nagusiaren aurka eta orduko Hassan II. erregearen errepresioak 8.000 herritar hil zituen.

Oinarrizko eskubideen eske

Samirrekin mintzatu gara udal plazan, bera Al-Hoceimakoa da eta familia guztiarekin etorri da Irurtzundik. Han bizi da duela 17 urte, bere lau anaiekin eta euren familiekin. Iruñetik, Logroñotik, Larragatik, Arrasatetik ere etorri dira beste herkide batzuk. Besteak beste, Madrilen, Bartzelonan eta Gironan ere izan dira riftarren protestak.

“Protestak ez dira geldituko preso politiko guztiak askatu arte –diosku Samirrek–. Gure eskubideak eskatzeagatik atxilotu eta bahitzen gaituzte, hura militarrez eta poliziaz josia dago, Gaza ematen du. Minbiziaren aurkako ospitale bat, unibertsitatea, lana, begirunea… besterik ez dugu eskatzen. Mugimendua apurtzeko eta errepresioa justifikatzeko Marokoko agintariak esaten ari dira separatistak garela, baina han oso oinarrizko eskubide sozialak eskatzen ari dira, ez besterik”.

Samirrek argi utzi nahi du protestak erabat baketsuak direla: “Biolentzia erakutsi nahi dute, baina han dena da erabat baketsua, hainbatetan poliziak infiltratzen dira manifestazioetan eta harriak botatzen dituzte mugimendua apurtu eta desitxuratzeko”.

Igandean Ferrya

Orain Europan bizi diren herritarrak udarako itzuliko dira Marokora eta Samirrek ere datorren igandean hartuko du ferrya. “Ez duzu beldurrik?”, galdetzen diot. “Bideoetan eta halakoetan agertu dira eta Europako riftar asko dira beldur itzulerarako. Nik ez dut inor hil ezta? Bakarrik salatzen dugu gertatzen ari den errepresioa. Ikusiko dugu zer gertatzen den, nik gurasoak han ditut eta joan beharra dut”.

Han isilik egon beharko dute, ordea: “Zerbait esaten baduzu jo egiten zaituzte eta zuk ezin duzu erantzun, bestela atxilotuko zaituzte. Errepresioa handia da eta poliziak eta militarrak ateratzen direnean ez dute ezer errespetatzen, izan ume, zahar edo haurdun dagoen emakume”.

Udal plazan, riftarrek etengabe jarraitzen dute beren oihuekin. Nafarroan egiten duten lehen protesta ekitaldia da eta kemenez beteta daude. Sanfermin bezpera da eta herritarren arreta erakartzea bederen lortu dute eta batzuk hurbildu, apur bat egon eta alde egiten dute gero. Itzuleran kontatuko digute berriz Rifen egoera nolakoa den.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Maroko
Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-09-11 | Leire Artola Arin
2.100 dira momentuz zenbatutako hildakoak Marokoko lurrikaran

Ostiral gauean izan zen lurrikara, eta azken datuaren arabera 2.000 pertsona baino gehiago hil eta beste hainbeste zauritu dira, gehienak oso larri. Erreskate lanetan dihardute “larrialdietako zerbitzu guztiek”, eta astelehena erabakigarria izango dela gogorarazi... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


2023-07-03 | Ilargi Manzanares
Gutxienez 51 pertsona hil dira Kanarietara heldu nahian itota

Marokotik irten ondoren migratzaileek zortzi egun eman dituzte itsasoan noraezean, larunbatean hondoratu arte.


Eguneraketa berriak daude