argia.eus
INPRIMATU
Saltzaile senegaldarraren heriotzak istiluak eragin ditu Saloun
  • Kaleko saltzaile senegaldar bat hil da asteartean Escuadra Mossoek Saloun (Katalunia) egindako operazioan. Poliziatik ihesi, bere etxeko balkoitik “bota” da saltzailea, Mossoen arabera. Hildakoaren gertukoek, ordea, zalantzan jarri dute bertsio hori.

Garazi Zabaleta 2015eko abuztuaren 12a
Heriotza salatzeko protesta egin dute Salouko Sant Jordi plazan, eta mosoak elkartutakoen aurka oldartu dira (argazkia: eldiario.es)

50 urteko senegaldarraren etxean agertu dira poliziak, industria jabetza delituen aurkako operazioa dela eta. Hortik aurrera gertatutakoaren bertsio bakarra Mossoena da: polizia sumatutakoan balkoitik ihes egin du gizonak, eguzki-oihal bat eusten saiatu, baina lortu ez eta balkoitik erori da.

Heriotza salatzeko, 200 bat lagunek protesta egin dute Salouko Sant Jordi plazan. Gerturatutako askok Mossoei egotzi diete kidearen heriotza, eta balkoitik beraiek bota dutela salatu du hainbatek. Mossoak plazara hurbildu eta elkartutakoen aurka oldartu dira, hirian istiluak sortuz.

Salouko senegaldarrek saltzaile ibiltarien aurkako etengabeko jazarpena salatu dute, eta heriotza hau beren komunitatearen aurka poliziak abiatutako “gerraren” ekintza bezala hartu dute.