Alex Salmond Eskoziako ministro nagusia eta Alistair Darling independentziaren aurkako kanpainako burua aurrez aurre ariko dira STV telebista katean astearte gauean, irailaren 18ko erreferenduma ardatz.
Bi ordezkariek telebistaz egingo duten lehen buruz burukoa da eta oraingoz, adostu duten bakarra ere bai.
Ekonomia eztabaidaren erdigunean
The Guardian egunkariko Severin Carrellek azaldu du ordezkari bakoitzak nondik eraso dezakeen eztabaidan, baita zein den bakoitzaren ahulgunea ere.
“Elkarrekin hobe” (Better Together) kanpainako buru den Darlingek ekonomia alorreko zalantzak jar ditzake mahai gainean, besteak beste, Eskoziak independentziaren ostean zein moneta erabiliko lukeen edo balizko estatu eskoziarraren egonkortasun ekonomikoa nola ziurtatuko den.
Europar Batasunean sartuko denentz argitu gabe dagoela ere nabarmenduko du Darlingek ziur aski.
Salmondek, bere aldetik, Eskoziaren egoera ekonomikoa har dezake bandera gisa, Erresuma Batuko beste lurraldeekin konparatuz datu hobeak baitituzte. Besteak beste, irlako enplegu-tasa onena daukate. Baina murrizketak jasaten ari dira Londresko gobernu kontserbadorearen erruz.
Eskoziako ministro nagusiak bere alde du argudio demokratikoa ere: alegia, eskoziarrek hartuko dituztela beren etorkizunari buruzko erabaki onenak.