argia.eus
INPRIMATU
Saldiasek bakarrik ez, guztiek egiten dute tranpa hemen
  • Leporatuko didazue kukuak nondik jotzen didan antzematen zaidala, disimulurik gabeko kutunkerian nabilela, baina ez daukat isilik geratzeko asmorik. Bai, nik ere entzun dut zer dabilen kalean ahoz aho –larunbat gauean Hernanin zimaur eginda zegoen batek bota zidan azken aldiz, eta albotik koadrilak arrazoi eman zion, nola gainera, barbaroen aurrean bere kidea babesteko koadrilak bakarrik dituen mekanismoak martxan jarriz–. Halaxe bota zidan azkar ustekoak: “Xabier Saldiasek tranpa egiten dik. Komeni zaizkion abestiak bakarrik aukeratzen ditik zerriak”.

Kepa Matxain 2019ko martxoaren 21a
Ezkerrean, Joxe Mendizabal konposatzailea, Bago!az saioan lehiakideei beste zerbait eskatzen dien bakarra: coach-en erosokeria ari da aurtengo edizioa markatzen.

Hango tentsioa. Ezta Naxari Altunak Rosaledatik erretransmititutako azken minutuko jokaldi arriskutsu batean ere. Ia hasi ginen, benetako sagardozaleen gisan, dinbi-danbaka. Ez zen gogo faltagatik izango. Baina haren koadrilari begiratzen nion zeharka, kalkuluak eginez: “Hauek zazpi idisko; gu bost gizarajo, zein baino zein ñañarrago, eta, endemas, kabroi hauei ez zieat ni defendatzeko borondate handirik antzematen”. Beroaldian, neroni bakarrik hastekotan izan nintzen, baina kita-kita, hobe zuhurretik. Bularra tenk, tabernako ateranzkoa egin nuen, ez ordea hanka egin aurretik azken garrasia bota gabe: “Hitz egingo diagu datorren asteazkenean!”.

Eta asteazkenean, atzo gauean alegia, Xabier Saldiasek ze abesti aukeratuko eta: Urtzen Bizitzarekin dantzan. Akabo. Nola egiten didak hau Xabier, pentsatu nuen, hiregatik muturra hautsi beharrean aritu ondoren kontrarioei arrazoi eman? Pauso laurden ezkerrera, pauso laurden eskuinera, Imsersoko karaokean ere hanka-joko gehiago izaten ditek. Balada pausatua, izerdirik bota gabe indarrak kanturako bideratzea baimentzen duena, eta klaro, horretan luzimendua, diz-diza, gozotasuna. Betikoa. Basurdeek arrazoi. Esan dezadan garbi: behea jo dut, eta prest nintzen Hernani berriro ez zapaltzeko, derrepentean konturatu ez banintz beste coach guztiek, guzti-guzti-guztiek, gauza berbera egiten dutela. Guztiek hautatzen dute beren neurrira egindako abesti bat, A.K.A beren gabeziak estaltzeko balio diena.

Iker Villak Jokin Dorali Twenty One Pilots-en Ride. Su artifizialik gabeko pieza, rapeatzeko tarte eta guzti, ez konplikaziorik, ez luzimendurik. Neurri-neurrikoa.

Lehiakideek nola garatuko dituzte gaitasun egokiak, konfort eremutik atera nahi ez duten 'coach' hauekin?

Ainhoa Larrañagak Andrea Garciari Olatz Salvadorren Lokarriak. Gozo bezain bare, bi ahotsak konpaktatzen dakienarentzat pare-parekoa. Azkenaldiko pieza gustukoenetakoa duela aitortu zuen Larrañagak berak, eta antzeman zitzaion, kantaren amaieran lehiakideari utzi behar zaion kortesiazko luzimendu tartean ere ezin izan baitzion mingainari kosk egin, eta coach-a izan baitzen azken esaldia ebaki zuena, emeki, “hegoak doaz iparrera”, lehiakide gaixoa bigarren planoan utziz.

Ylenia Bagliettoz zer esan. Bruno Marsen The Lazy Song hautatu zuen Iker Gutierrezentzat. Izterra gora, lepoa behera, eta gerri-gauza, batez ere. Gero Saldias omen aurreikusgarri. Gainera, aurrekari guztiak gaindituz, Iker behartu zuen urte luzez mainatutako adats lerdena moztera. Posible ote da? Eta hurrena Su ta Gar-en abesti bat tokatzen bazaio? Tira, barka, baina Niko Etxarten ahotik kantatu behar badu, zer?

Alex Sarduik ere bere moduko abesti diesela aukeratu zuen Aitzol Barbariasentzat: Bryan Adamsen Summer of 69. Tonu egonkorra, azpitik egiteko erosoa, abestiaren bigarren zatian salbu –baina orduan ere, aztiki, lehiakidearen esku utzi zuen zama guztia–. Bertan goxo hura ere.

Anjel Alkainek tankeratsu: Aquaren Barbie Girl kantatu zuen Eider Etxeandiarekin, disimulurik gabe aitortuz beretzako “abesti perfektua” dela, “comic puntua” emateko aproposa. Argiago ezin da esan.

Azkenik, Maria Amolategik Adeleren Set Fire to the Rain jarri zion Aintzane Arzamendiri. Kantu barea, koreografia justuko bat baimentzen duena, asko luzitu gabe ere zerbaitetan ari zarelako itxura emateko aproposa. Aurrez Suganen eta egun Matildan erabiltzen duen erregistro berbera, alegia.

Gauzak horrela, kontu bat dago argi: guztiek egiten dute tranpa hemen. Eta Hernanira joaten naizen hurrengoan lehengo zokor-mazoek han jarraitzen badute, halaxe esango diet: errazena da Saldias kritikatzea. Baina zer gertatzen da lehiakideekin? Nola egingo dute gora, nola garatuko dituzte gaitasun egokiak, konfort eremutik atera nahi ez duten coach hauekin?

Saioko bi ahaztuak dira panorama salba dezaketen bakarrak: Paula Bujanda dantzaria eta Joxe Mendizabal konposatzailea –www.erromeria.eus-en sortzailea, euskal musikako izar potentzialak hezten dabilena Euskaraokearen garaitik–. Haiek dira, finean, astean zehar lehiakideei zinezko jarraipena egiten dietenak. Xtrem metodologien bidez –lehiakidea sokaz estu lotu eta aska dadin eskatzea, kotxe batean kurba arriskutsuak hartzera behartzea, balleteko mugimenduak eginaraztea, kartoizko kaxak buru gainean jarri eta oreka mantenaraztea…–, lehiakideak muturreko egoeretan jartzen dituzte, beren kabuz aterabidea topa dezaten. Ez dira ariketa samurrak, baina nabari da zertan dabiltzan badakitela: deserosotasunetik bertutea sortzen.

Bago!az-eko lehiakideek haien meneko izanez soilik lortuko dute, lortzekotan, izar handi bihurtzea.