Garai hauetan agintari publikoek eta gobernuek salbuespen egoera sanitarioan garela aitzinatu dute. Frantziako Estatuko lehendakariak, berriz, “gerla” batean garela azaldu du. Ezohiko egoera horrek neurri zorrotzak hartzeko baimena eman dio gobernuari. Egunez egun askatasun publikoak murrizteko dekretu asko aplikatzen dira. Hala nola, eskola, unibertsitate eta haurtzaindegien hestea, jende joan-etorrien mugatzea eta abar. Hori dena herritarren askatasunak murriztuz.
Nahiz eta baitezpadakoak ikusten diren neurriak plantan ezarri diren, ez diegu oinarrizko eskubideen urraketarik baimendu behar.
Azken urte hauetan, Frantziako Estatuan 1955eko legeak “urgentziako egoera” arautzen zuen. Lege hori, krisia egoeran baizik ez zen aplikatzen ahal. V. Errepublikan, lau aldiz bozkatu zen, eta 2017n terrorismoari buruzko legea bozkarazi zen, hain zuzen ere, 1955eko legeak aurreikusten zuena salbuespenik gabeko egoeratan ere baliatzeko. Hori guztia, jakinez lehen “urgentzia egoera”-ren legeak askatasun publikoak mu rrizteko aukera ematen ziola Polizia eta prefetari eskubide gehiago emanez.
Horregatik, ezohiko egoerek kezkak sortzen dituzte. Alde batetik, krisiek ez dituztelako oinarrizko eskubideak zalantzan jarri behar, eta bestetik, geroari begira sortuko liratekeen aurrekariengatik.
Oinarrizko eskubideei dagokienez, egoera horiek erakusten digute kontra botereen garrantzia. Kasu horretan, kezka izan daiteke Konstituzio auziaren bazterketa. Alabaina, “urgentziazko egoera sanitarioa”-ren legeak ez du Kontseilu horren onarpena aurreikusten. Hau adibide bat baizik ez da. Frantziako Konstituzioak bi artikulu ditu horrelako egoereei aurre egiteko, batak lehendakariari ezohiko botereak ematen dizkio (16. artikulua), besteak Gobernuari (36. artikulua) eta biek Parlamentuaren kontrola behar dute. Lege berri horretan, salbuespen neurriak bi hilabetez iraunarazten ahal dira Parlamentuaren kontrolik gabe.
Aurrekari juridikoek ondorio larriak ekar ditzakete. Oraindanik, etxegabekoeei isunak jartzen dizkiete poliziek kanpoan egoteagatik –aterpeak hesteko agindua martxan delarik–, edo langileak lanera bidaltzen, langabezia teknikoan ezartzen edo oporrak hartzera bortxatzen dituzte. Dekretuen aplikazioak, beraz, prekarioen zapalkuntzarako erabiltzen dira, zentzugabekeria handiz. Geroari begira, urgentziazko egoeraren legean izkiriatuak direnak zuzenbide arruntean sar ditzakete; krisitik kanpoko denboretan ere baliatzeko aukera emanez terrorismoaren aurka egin duten ber maneran.