Ostiral honetako 15:00etatik aurrera baheketa berezia egiten ari dira Iruñerriko Forem Mutiloan, azken astean Saloun –Herrialde Katalanak– izan diren 17 eta 25 urteko gazteen artean.
Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusi Carlos Ortundok eman du berria, eta adierazi duenez, ez dute garbi oraindik Saloun egondako gazteetatik zenbat kutsatu diren, baina badakite han egondako 13 taldetan bederen badirela kutsatuak. Ondorengo egunetan datu argiak izatea espero dute.
Ez da beharko hitzordurik baheketara joateko eta Forem Mutilvan egingo zaizkie probak 15:00etatik 20:00etara agertzen diren gazteei. Saloun edo antzeko tokietan egondako gazteei gomendatzen zaie proba egitea. Tuteran Reina Sofia Ospitalean egingo da baheketa.
Ordundok jakinarazi duenez, ez dira gazte guztiak isolatuko, egungo protokoloa indarrean jarrita, positibo ematen dutenak bakarrik: positiboa denak isolatu egin beharko du, orain arte bezela, baldin eta ez badu txertaketa osoa beteta; eta norbaiti andui kezkagarriren bat atzematen bazaio, indiarra esate baterako, pertsona horrek isolatu beharko du txertatuta egonda ere.
Ordundoren esanetan, helburua da gertatzen ari diren kutsatzeak ahalik eta lasterren etetea. Ostegun honetan COVID kasuak gora egin dute nabarmen Nafarroan, 113 kasura iritsiz, aurreko egunetako bikoitza ia, eta positibitate tasa 4,8tik 7,3ra igo da. Hala ere, kutsatu gehienak gazteak izanik, honek ez du eraginik izan oraingoz ospitaletako betetze tasetan.