Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako Kanpuseko ikasleen egoera prekarioa salatu dute, egunero bidaia luzeak (lau ordukoak maiz) egin behar baitituzte Aiaraldetik hezkuntza zentrora heltzeko.
Guraso batzuek adierazi dute eskualdean ez dagoela garraio publikorik eta daudenak erabiltzean denbora ugari galtzen dutela euren seme-alabek: "Lehenik eta behin, Renfeko C-3 lineako trenak hartu behar dituzte, gero C-1 eta C-2 lineako zerbitzua baliatu behar dute Abandotik San Mamesera joateko eta, azkenik, Bizkaibus zerbitzuak eramaten ditu kanpusera".
Senideek azpimarratu dute horri gehitu behar zaizkiola Renfek sortzen dituen atzerapenak. Izan ere, Basauriko geltokian egiten ari diren lanen ondorioz, burdinbide bakarra dago erabilgarri hiri horren eta Ollarganen artean. Hori dela eta, maiz trenak geldirik geratzen dira ibilbide erdian.
Gauzak horrela, gurasoek gaineratu dute lau orduko bidaiak egin behar dituztela EHUko ikasle aiaraldearrek, bi ordu joateko eta beste bi itzultzeko.
Konponbidea
Gurasoek aldarrikatu dute erakundeek ez dutela irtenbiderik bilatu egoerari eta, euren ustez, eskualdeko etorkizuna eurak izango direnez, neurri batean, serioki hartu beharko lukete garraio publiko zuzena sustatzea kanpusera.