Istripuan zaurituriko laugarrenak, bi senidek eta migranteen eskubideen alde lan egiten duten hiru elkartek salaketa jarri dute. Urriaren 12an gertatu zen istripua: Hendaiatik (Lapurdi) Bordelera (Okzitania) zihoan trenak lau aljeriar harrapatu zituen, trenbidean lo zirela.
Etorkinen defentsan dabiltzan Cimade, Anafe eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zenak eta bi senidek salaketa aurkeztu diote Jerome Bourrier Baionako prokuradoreari. Istriputik bizirik ateratakoak X pertsonaren kontra jarri du salaketa, "nahigabeko hilketa, bizia arriskuan ezartzea, nahigabeko zauria eragitea eta substantzia kaltegarriak emateagatik".
Auzitegira jo duen etorkinak uste du haiekin zen eta pasatzaile gisa kontrataturiko bosgarren pertsonak –ihes egin eta egun batzuetara Poliziak galdekaturikoak– "substantzia kaltegarriak" ezarri zizkiela edarietan. Informazio hori Bordelen eginen diren azterketek argitu beharko lukete. Salaketaren bidez trenbidearen sarbideaz eta segurtasunaz ere xehetasunak argitu nahi dituzte ere.
Urriaren 12an gertatu zen drama: poliziaren kontrolak saihesteko zebiltzan trenbidean, migrazioaren bidean zeudela, Baionara iritsi nahian. Baina loak harturik lokartu eta trena pasa zitzaien gainetik, hiru hilez eta bakarra kolpatuz.
Hildako hiru gazte aljeriarren oroimenez 300 bat lagun batu ziren Donibane Lohizuneko geltokiaren aitzinean, beste behin ere migrazio politika justuago eta irekiago bat eskatuz instituzioei.