Nafarroan Atez Ateko bilketarekin hondakinen kudeaketan aitzindaria den Sakanako mankomunitateak azkenean lortu du bere konpost planta propioa edukitzea, bailaran bertan: aurten 1.000 tona konpostatzeko gaitasunez abiatuko da eta geroago 3.000 tona tratatzeko ahalmena izango du.
Urte amaierarako egongo omen da abian, Diario de Navarrak zabaldu duenez, eta hasieratik urtean 1.000 tona hondakin organiko tratatzeko gai izango da, hurrengo fase batean 3.000 tona tratatu ahal izateko. Arbizun Utzubar izeneko eremuan 19.000 m2-ko sail bat erreserbatu du bertako udalak horretarako. Mankomunitateak 832.000 euro inbertituko ditu instalazio berrietan.
Sakana aitzindaria da Nafarroan hondakinen gaikako bilketari dagokionez, urteotan Atez Ateko bilketarekin eta auzo-konpostean lortutakoarekin oso kudeaketa bikaina egitera iritsita. Ekonomia zirkularraren ildoan falta zitzaion hurbileko konpost planta bat edukitzea eta erabakia atzeratu den arren eskualde hartan AHTrentzako gorde beharreko eremuan egokitzen zirelako hasieran planta eraikitzeko pentsatutako lurrak, orain arazo hori gaindituta dago.
Sanakako planta atzeratzeko beste motiboa, antza, izan da Nafarroan eztabaidatzen ari zirela Hondakin Plan berria eta hori onarturik –nahiz eta PSOEko gobernuak helegitea jarri dion Auzitegi Konstituzionalean– badirudi orain hori ere gainditu ahal izan dutela.
Sakanak 20.000 biztanle ditu eta eduki ahal izango du bere konpost planta propioa, gaika txukun bildutako organikoa hurbil tratatzea ahalbideratuz. Gezurra badirudi ere, Nafarroan posible dena ezinezkoa egin dute EAEko agintariek. Berrikitan justu Sakanak bezala 20.000 biztanle dituen Gipuzkoako udalerri batek konpost planta bat egiteko baimena eskatuta, ukatu egin zaio, bildutako organiko guztia legez GHK kontsortzioarena dela argudiatuz.