Sakabanaketa politika "motxila" dela eta amaitzeko eskatu dute hainbat presoren alaba-semek

  • 18 urtetik beherako 113 haur eta nerabek kartzelan dute gurasoren bat ala biak. Sarek orain gutxi espetxean hildako Kepa del Hoyoren seme Peruri eta antzeko egoera politikoan dauden gazteei hitza eman nahi izan die agerraldi batean, eta adierazi, salbuespenezko espetxe politika "motxila" bat dela gazte hauentzat bizitza egiteko. Madril eta Parisen jarrera aldatzea lortu beharra azpimarratu dute.


2017ko abuztuaren 08an - 16:29
Peru del Hoyori babesa adierazi eta sakabanaketa politika amaitzeko eskatu dute presoen seme-alaba ugarik. (Argazkia: Sare)

Kepa Del Hoyoren seme Peruri babesa adierazi eta gazte hauek pairatzen duten egoera azalerazi asmoz, idatzi hau adostu dute hainbat gaztek.

Olatz Iglesiasek irakurri du:

"Hemen bildu garenak aita, ama espetxean ditugu. Hasteko, gure babes, maitasun eta elkartasun guztia adierazi nahi diogu Peruri. Peru ez zaude bakarrik, gu eta euskal gizartearen gehiengoa zurekin gaude. Gutako edonor izan zitekeen Peru, edo izan daiteke hemendik gutxira ere, egungo egoera aldatzen ez bada.

Peruren aita ez baita besterik gabe hil, Peruren aita Espetxe sistema gizagabe honek hil du. Guri, hemen gauden gazteoi eta gure egoera berean dauden askori haurtzaroa lapurtu digute. Jolasten, korrika, parkea egon beharrean ordu luzez autobus, kotxe, furgonetetako aulkiari lotuta pasa ditugu asteburu asko. Ezin izan dugu lagunekin batera kirol partidetan parte hartu asteburutan; edo lagunen urtebetetze festak ospatu bisitak egiteko asteburu osoa etxetik kanpo pasa behar izan dugulako. Peruk aita espetxean egon den 20 urte hauetan 19 egunez bakarrik izan du orotara aitarekin egoteko aukera. Aita eta ama ondoan behar izan ditugu, eta eskubide hori ukatu zaigu.

Umezurtz utzi nahi gaituzte! Peruk guk bezala aita etxean izatearekin egiten zuen amets, espetxe sistema honek amets hori betirako ezabatu du. Gazteoi askotan esaten zaigu etorkizuna garela, baina etorkizuna ez ezik oraina ere bagara eta hau da gu orain bizitzen ari garena.

Noiz arte? Zergatik? Gaur egun motxiladun umeak diren 2, 3, 4… 16 urteko 113 haur eta nerabe daude Euskal Herrian eta ez dugu guk bizitutakoa eurek ere bizitzerik nahi. Ez dugu ume horiei haurtzaroa lapurtzerik nahi! Ez dugu ume horiek umezurtz geratzerik nahi! Gurasoak orain eta bizirik behar dituzte, ditugu etxean, ez hemendik 20-30-40 urtetara. Zergatik heriotz hau? Zertarako? Norbaiti egiten al dio mesede? Norbaiti egiten al dio mesede gure gurasoak egoera honetan izateak? Ez dugu ulertzen".

Ondorengoak presente izan dira prentsaurrekoan: Olatz Igerategi, Malen eta Enaitz Arronategi, Aide eta Nahia Ercilla, Adur eta Haize Goieaskoetxea, Eguzki Azkarate, Maddi Kintana Morcillo, Xochitl Karasatorre, Garazi Barandalla, Ibai Manterola, Beñat Larramendi, Amaiur Zugadi, Hodeiertz Urain eta Eztizen Artola.

Horrez gain, idatziarekin bat egin dute ondorengo hauek ere: Iker Lerin Bartoli, Arkaitz Lerin Bartoli, Ekhi Aranburu Redondo, Amaiur Iragi Viso, Iker Narvaez Alberdi, Anuk Narvaez Alberdi, Elaia San Pedro Gisasola, Garazi Alegria Goienetxea, Iraitz Apeztegia Arrondo, Garazi Otaño Sarasola, Hodei Otaño Sarasola, Haitz Gorostidi Otegi, Inhar Gorostidi Otegi, Aitzol Gil de San Vicente Pla, Txomin Arkauz Hiriart, Oihana Parot Arrazubi, Izar Parot Arrazubi, Araitz Igerategi Lizarralde eta Unai Arkauz Hiriart.

Peru del Hoyok ere hitza hartu du. Ondorengoa adierazi du:

Aste bat pasa bada ere, nire aitari buruz hitz egitean orainaldia irteten zait, baina, zorionez edo zoritxarrez, bizitza honetan sufritzea ohitura bilakatu da, eta lagun, familia eta ezagunen (baita ezegagunena ere) animo eta beroarekin, aurrera jarraitzeko indarra elkartzea lortu dut.

Harira bueltatuz, Olatzek aipatu duen bezala, infantzia lapurtu, eta aita kalera irtetearen ametsak hil dizkigute. Nahiz eta gu inozenteak garen, gurasoei aplikatutako kondena, guri ere, ezarri digute. Nola da posible, halako injustizia, herrialde "zibilizatu" batean, normaltasun osoz mantentzea? Nola da posible, 19 urtez injustizia hau sufritu ondoren, aitagaz egoteko aukera eta ilusioa golpe batez akabatzea?

Nondik dator justizia hitza, nire jaiotzatik, nire bizitza injustua izan bada? Bizitza tristea tokatu zaigu, baina gure irribarrea ez digute inoiz kenduko, aste honetan zehar, Arkaitz Bellonen gurasoek esandako esaldi polit bat izan dut buruan bueltaka, gure baldintza antzekotan daudenekin konpartitu nahi dudana:

"Triste zauden unean, gehiago ezin duzula pentsatzean, pentsatu berak zer egingo lukeen... Aurrera segi!"`.

Honekin utziko dut gaurkoz, idazteko indarrak ere bahitu baitizkidate-eta, gogoak ditudan arren. Eskermila aukera hau emateagatik.

Sarek aldarrikatu du "benetako bake eta konponbidea lortzeko salbuespenezko politika eta Giza Eskubideen urraketa horiekin guztiekin amaitu beharra dagoela". Horretarako herritarren aktibazioa gakoa dela azpimarratu du.

"Behin eta berriz erakutsi behar dugu, hemen errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako gizarte bat eraiki nahi dugula, gorrotoan heziko ez den jendarte bat eraiki nahi dugula eta horretarako presoei euren eskubideak errespetatu behar zaizkie eta konponbidearen norabidean pausuak eman behar dira", adierazi dute. "Prest gaude irtenbide baterako, prest jendarte berribat eraikitzeko eta prest presoak 0km-tara izateko".

Peru del Hoyok sakabanaketa politika amaitzeko eskatu du. (Argazkia: Sare)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude