argia.eus
INPRIMATU
Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza literatur bekari, CAF diru-emaile delako
  • "Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu", adierazi du Saioa Alkaizak komunikabideetara igorritako oharrean. BDZk txalotu egin du Alkaizaren erabakia, eta Elkar argitaletxeari gonbita luzatu dio, "erabaki ausartak hartzera", sariketa honetan CAFekin kolaboratzeagatik.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko irailaren 13a
CAFen Jerusalemgo jarduna salatzeko ekintzetako bat. BDZ

Joan den asteazkenean ezagutarazi zen aurtengo Igartza literatura-sorkuntzarako bekaren irabazlea nor izan den: Saioa Alkaiza. Bertsolari iruindarrak Katu ileak txandaletan deituriko proiektua aurkeztu zuen, eta Alkaizari esleitu diote beka, eleberria garatzeko. 

Beasaingo Udalak antolatzen du literatur beka, CAF enpresaren eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin, idazle gazteei aukera zabaltzeko helburuz. 10.000 euroko laguntza da, eta lana argitaratzeko konpromisoa du. Aurtengoa, 28. aldia zen. Beka sonatua da euskal literaturgintzan; iraganean, besteak beste, Miren Amurizak, Uxue Alberdik, Danele Sarriugartek, Eider Rodriguezek eta Karmele Jaiok irabazi dute. Aurtengo epaimahaia Olatz Mitxelenak, Esti Martinezek eta Olatz Kamiok osatu dute, eta aurkeztu diren hamasei proiekturen artean, Saioa Alkaizarena saritu dute.

Larunbat goizaldean komunikabideetara igorri du oharra Alkaizak, jakinarazteko uko egiten diola Igartza Sariari, "palestinar herriaren kontra Israel gauzatzen ari den genozidioan CAFek inplikazioa duela salatzeko". Kulturgileei "lerratzea" dagokiela azpimarratu du Israelen kontrako boikot kanpainak martxan direla; "euskal kultura kritiko eta lerratua behar dugu" esan du, "hitzez harago, ekintzez erantzuteko". "Genozidioaren konplize den enpresak kulturaren bidez zuritu nahi izan du bere burua, eta fokua behar den lekuan kokatu beharra dago, Palestinaren kontrako genozidioan", adierazi du Alkaizak.

Era berean, Alkaizak oroitarazi du Nazio Batuen Erakundeak, txosten baten bidez, CAFen jarduera jo puntuan ipini duela, gerra krimenetatik etekina ateratzen duen enpresetako bat delako, eta lurralde okupatuetan eraikitzen ari den trenak palestinarren burujabetzaren kontra egiten duelako.

BDZ: "Elkar argitaletxea hausnarketa egitera gonbidatu nahi dugu"

Israelen Boikoterako, Desinbertsiorako eta Zigorrerako mugimenduak Alkaizaren erabakia txalotu egin du, keinu etikoa eta ausarta dela adierazita. Era berean, Elkar argitaletxeari gonbita luzatu dio, "hausnartzera eta erabaki ausartak" hartzera, "genozidioekin kolaboraziorik onartuko ez duen kultur mundu baterantz pausuak ematera".

BDZk oroitarazi duenez, CAF enpresak euskarazko ekoizpena sustatzeko bi proiektu zituen orain artean: CAF-Elhuyar zientzia dibulgazio saria, eta Igartza literatur saria. BDZk adierazi du bai Elhuyarrekin eta bai Elkar argitaletxearekin harremanetan jarri izan dela.

Lehen sariketa bertan behera geratu zen duela hilabete eta erdi, antolatzaileen esanetan, "sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez dagoela" argudiatuta, lan kopuruak "behera" egin eta "testuinguruak" ez duela ahalbidetzen azalduta.