argia.eus
INPRIMATU
Sahararen aldeko euskal karabanaren kanpaina abian da
  • Piztu itxaropena lelopean, Sahararen aldeko material bilketa hasi da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herrik bat egin dute ekimenarekin eta urtarrila erdialdera arte janaria emateko aukera izango da.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 27a

Bilketan laguntzeko boluntarioen beharra dagoela adierazi dute antolatzaileek. Behar izanak anitzak diren arren, oro har, azukrea, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak, konpresak eta helduentzako oihalak emateko deia zabaldu dute.

XIV. edizioa martxan da. Iazko espedizioan 240 tona janari bidali zituzten Tindoufeko kanpalekura eramateko. Horretarako zazpi trailer, bi kamioi, furgoi bat eta bi mendiko ibilgailu behar izan zituzten. Arropa, mantak eta ibilgailuentzako ordezko piezak ere "ongietorriak dira diote antolatzaileek.

Herri bakoitzean ordu eta txoko ezberdinak prestatu dituzte janaria biltzeko. Besteak beste, supermerkatuetan, dendetan edo eskoletan antolatu dituzte bilketa guneak. Iragarpenei adi egotea eskatu dute eta laguntza oro eskertzen dute tokian tokiko elkarteek.

Bergaran jaialdi solidarioa ostiralean

Janari bilketaz gain, Sahararen aldeko beste ekimen batzuk ere antolatu dira. Bergaran, esaterako, jaialdia egingo dute abenduaren 29an. Goienak jaso duenez, 17:00etan tea eta pastak izango dituzte, eta Igam-eko kideek hitzaldia eskainiko dute. Ttipika dantza eta henna tatooak ere egongo dira.

22:30ean, musikaz gozatzeko aukera egongo da: Nomadak, Azkaiter Pelox eta Hayuh Ramsi. Irabazitako dirua Brahim Mohamed Ahmed eskolarendako izango da.